Kazeta

Uharte: izen bereko lau herri nafarren arteko lankidetzaren fruitu berriak

Harremanak sendotu asmoz, Uharte, Uharte Arakil, Uharte Garazi eta Uharte Hiri herrietako herriko etxeek ahaidetasun hitzarmen bat izenpetu zuten 2002. urtean. Orain lotura horiek azkartzeko lanean ari dira, euskal kultura, kirola eta turismoa ardatz izanen dituen ibilbide bat sortzeko, Naiz atariko artikuluan jasotzen denez.

Uharteko ordezkariak elgarrekin ari dira lanean.
Uharteko ordezkariak elgarrekin ari dira lanean.

Nahiz eta euskal kultura partekatu, oro har bi estatuen baitako mugaz bestaldeko herrien arteko harremanak aski eskasak izaten dira. Ahaidetasun hitzarmen ezberdinek topaketak eta ezagutzak erraztu dituzte, baina kasu gehienetan hitzarmen horien emaitza herriko bestetan protokolozko bisitak egitea izaten da.

Hala izan da Uharte izena duten Nafarroako lau herrien artean ere. Uharte Garazi eta Uharte Hiri Baxe Nafarroan kokatzen dira eta Uharte eta Uharte Arakil Nafarroa Garaian. Aitzitik, Juan Mari Feliu Iruñea aldeko Uharteko ahaidetza, turismo eta ingurumen zinegotziak, 2016an Udalbiltzari proposamen bat egin zion: lau herrien arteko ahaidetasun berezi horri bultzada emanen zion hurbilpen iraunkor bati ekitea.  

Euskal Herriko herriko etxeen eta hautetsien biltzarrak Hurbiltzen programaren barnean kokatu zuen proposamena, hautetsiek eta herri eragileek osaturiko batzorde tekniko bat sortuz. Lan horrek elkar hobeki ezagutzeko proiektu integral bat diseinatzera eraman ditu, historia partekatuan eta herri bakoitzaren ondarean azpimarra eginez. Herritarrak eta elkarteak ere proiektuan parte hartzera deituak izan dira, haien artean ere elkartrukatzeak abiatzeko xedez. 

Horrela ari da mamitzen lau herriak lotuko dituen ibilbidea. Liburuxka eta mapa zehatz bat osatzen ari dira, zeinean 30 leku interesgarri jasoko diren. Argazkiak, ondare historiko eta arkitektonikoaren datuak edo herriak lotzen dituen bide osoa ageri dira tresna horretan.

Errate baterako, Juan Mari Feliuk Itxasperri eta Atondoko ermitak eta Orreaga, Zamartze, Iharte eta Aranbeltzeko monasterioak aipatu ditu. Baita Uhartehiri, Latsaga eta Arazuriko gazteluak, zubi erromanikoak, trikuharriak eta Iturissako erromatar-baskoi herri kokalekua ere.

Liburuxka hau euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz argitaratuko da eta ibilbide osoko turismo bulegoetan, aterpetxeetan eta ostatuetan banatuko da.

Etapaka, bakoitza bere erritmora

Ibilbideak GR-65 seinalizazioa eta E3 europarra jarraitzen ditu eta oinez, bizikletaz edo zaldiz egiten ahal diren hainbat etapa jasotzen ditu. Lehena Uhartehiritik abiatzen da eta Luzaiden bukatu, Sohiartzetik, Haranbeltzeko kaperatik, Latsaga eta Lakarrako jauregietatik eta Uharte Garazitik iragan ondotik.

Luzaidetik Ibañetako gain maldatsua igo behar da, segidan Orreagara jausteko. Hau da ibilbideko mugarri nagusietariko bat, Auritz, Erro eta Zubiri iragan eta Iruñea aldeko Uhartera iritsi aitzin. Bertan, Arga ibaiaren Ibai-Parketik abiatzen da hurrengo etapa, baina oraino Oskiako amildegi izugarrirantz doan ibilbidea definitzea falta da. Irurtzunen, Zamartzeraino eta Uharte Arakileraino doan Itxasperri ibilbide erromatarra segitu beharko da. Behin Sakanako ibarrean, beti izanen da Aralar mendira igo eta bertako trikuharriez eta naturaz gozatzeko parada.

Ur artean kokaturiko herriak

Uharte toponimoak “ur arte” du oinarri eta uhartediaren erranahiaz gain, bi ibai edo gehiagoren inguruan diren lekuei egiten die erreferentzia. Hala gertatzen da izen eta etimologia bera partekatzen duten lau herriekin. Arga ibaiak ureztatzen du Uharte herria, bihurgune bat marraztuz eta ekialdetik, hegotik eta mendebaldetik inguratuz. Ultzama ibaiarekin bat egiten du. Iruñetik kilometro gutira bada ere, Zangotzako merindadeko parte da.

Uharte Arakil berriz, Iruñetik 30 kilometrora kokatua da, baina merindade horren barnean kokatzen da. Herriaren defentsa bermatzeko leku estrategikoan eraikia izan zen. Nukleoa Arakil ibaiaren meandroaren ondoan eta Aralarreko mendilerrotik jausten den haitz amildegiaren magalean da.

Uharte Garazi ere hainbat ibai-errekaz inguratua da. Errobi ibaia da herria zeharkatzen duen nagusia, baina berau Arnegi, Pagola, Landarreta eta Souritseko ubideek hornitzen dute. Azkenik, Uharte Hiritik Biduze ibaia iragaten da, Izpaxuri eta Urbeltz ubideekin bat egiten duelarik.