Kazeta

Sarako errugbi taldea Euskal Ligan gogotsu

Sarako Izarra Euskal Errugbi Ligan parte hartzen duen Ipar Euskal Herriko lehen kluba da. Frantziako errugbi federazioa utzi eta Euskal Herriko beste euskal taldeekin aritzeak gogo berezia piztu du Lapurdiko taldean.

Sarako Izarra eta Irungo Txingudi taldeko jokalariak kirol lehia betean. @ Sarako Izarra Rugby
Sarako Izarra eta Irungo Txingudi taldeko jokalariak kirol lehia betean. @ Sarako Izarra Rugby

Euskal Errugbi Ligan euskal taldeen arteko norgehiagokak ohikoak dira. Hori bera gertatu zen joan den apirilaren 16an Sarako eta Irungo errugbi taldeen artean jokaturiko partidarekin. 2018an harturiko delibero baten ondorioz, Sarako Izarra XV errugbi kluba Frantziako federazioa utzi eta Hego Euskal Herrira begira jarri zen, Euskadiko Federazioan integratuz Euskal Errugbi Ligako bigarren mailako 2018-2019 sasoiari ekiteko. Arreta piztu duen gertaera da, lehen aldia baita Ipar Euskal Herriko errugbi klub batek gisa horretako urratsa egiten duena.

Sara, hegorantz begiratzen duen herria

Aldaketa handi bat ekarri du klub lapurtarraren deliberoak. Berrikuntza eta aldaketa dira aurtengo sasoia maila berri batean hastean klubaren baitan nagusitzen diren sentimenduak. Klubeko arduradunek joan den sasoiaren hondarrean gogoeta idekitzea erabaki zuten, horretarako kide guzien iritzia bilduz. Sarako Izarra Frantziako federazioaren baitako maila ezberdinetan gainbeheran zihoala ondorioztatu zuten eta lehiaketa berri batean parte hartzeari ekin zioten errugbiaz ikuspegi berri bat ukaiteko.

“Frantziako errugbiak egun eskaintzen duenaz irakurketa mingotsa egin genuen. Igoera lortzen genuenean ere yo-yoarena egiten genuen. Erreformen ondotik, maila baxuagora eramanak izan ginen. Gure kultura eta hegoaldearekiko hurbiltasunaren ondorioz, zerbait berria entseatu nahi genuen”, dio Patxi Jauregui Sarako Izarrako presidentekideak. “Bagenekien 4. eta 3. serieko lehiaketetan talde kopurua apaldu zela. Presidenteak jokalariekin egindako kontsultan luzaturiko proposamenak Sarako kluba biziarazi zuen. Nortasun eta kultur lotura bat dagoela sentitzen dugu. Euskal Ligan lehiatzeko gogo bizia dute jokalariek”, erran du klubeko bi prestatzaileetakoa den Pierre Pardonek.

Gogoeta hau aitzinetik plantan emana zen, jokalariek duela hiru urte proposatu baitzuten Euskal Ligara lotzea. Orduko hartan kluba ez zen aldaketa egiteko aski prestatua. Baina Akitania Berriko errugbi autoritateen erabakien ondotik, iaz berriz heldu zioten gaiari eta Euskal Ligako arduradunekin harremanetan jarri ziren. Herriak harreman historiko eta naturala du Nafarroako Zugarramurdi, Etxalar edota Bera herriekin. Lagunarteko partidak ere antolatu izan dituzte, tartean 2011-2012 sasoian egindako zazpi lurraldeetako torneoa. “Oinarri apaletik heldu gara, zerotik abiatuz. 4. serieko jokalari ttipiak gara. Ligaren harrera zoragarria izan da”, jarraitu du Patxi Jaureguik.

Harrera beroa egin diote Sarako Izarra klubari, baina ezohiko urrats honek harridura ere piztu zuen, errugbiak Hego Euskal Herrian maila apalagoa duela pentsatu izan baita beti. Emeki bada ere, lau herrialdeetan azken urteetan garapen bat izan da eta klubetan geroz eta gazte gehiago sartzen ari dira.

Kluba biziarazteko modu bat

Zortzi hilabete lehiatzen aritu ondotik, saratarrak ongi egokitu dira txapelketa berrira. Lehen fasea gainditu ondotik, kluba bigarrenerako sailkatu da, baina aurkariek praktikatzen duten errugbiak harritu ditu gehien lapurtarrak. “Talka kultural bat da. Kirola sustatzeko jokatzen dute errugbira, Frantzian aurkariak ez jokatzea denean helburua. Haiek jokoa sortzen dute eta guk aurkaria suntsitzen dugu errugbira jokatu aitzin”, dio Patxi Jaureguik. Jokalariek plazerarekin hartu dute txapelketa berria. “Errugbiari loturik kultura berri bat ezagutu dugu. Landak eta beste leku batzuetarako desplazamenduak aldatu egin dira, euskal taldeen kontra aritzeko euskal liga batean arituz. Beti maitatu dut. Eskuz gehiago jokatzen dugu, plazer gehiago dugu, ez da hain bortitza eta kontent gara. Jendea elkar aitortzen den liga bat da”, adierazi du Romain Guedes jokalariak.

Klubeko kapitaina den Julien Bretonek ildo berari heldu dio. “Dinamika ona izaten ari da, kluba biziarazteko modu bat izaten ari baita. Modu kolektiboagoan jokatzen entseatzen gara. Jokoa bizkorragoa da eta hasiberriak badirenez, mugimenduan oinarritzen den errugbia jokatzen entseatzen gara. Hego Euskal Herriko taldeengandik hurbilago sentitzen gara, Landetakoekin laguntasun gutiago baitzegoen”, erran du kapitainak. Jokalariek elkar errespetatzen dute eta zaleak ere pozik dira. Sarako jokalariek ez dituzte bigarren fasean lehenean bezain emaitza onak izan, aurkariak azkarragoak eta hobeki prestatuak direlako, baina ongi egokitu direla diote.

Sarako Izarra XV klubaren lehen xedea garatzea eta hurrengo mailara igotzea da, betiere txapelketako lehen bi postuetan geratzea baldintza izanik. Postu horretarako Logroño, Elorrio eta Irungo taldeak ditu aurkari zuzenak. “Helburu bat ezarri genuen, hots, lehen mailara igotzea eta konplikatua dela ohartu gara”, dio Pierre Pardonek. “Igotzea zaila da. Kirol mailan, jokalari berriekin indartu beharko gara. Partida hauetarako oraino ez gara prestatuak, ez dugu aski heldutasunik”, apaltasunez berretsi du prestatzaileak. Aurtengoa egokitzen hasteko lehen urtea izanik, Sarako Izarrak heldu den urtean ere Euskal Ligan segituko du, hobetzeko xedearekin eta begirada Euskal Herrira begira jarrita.