Euskara, frantsesa eta gaztelera irakatsi nahi dituen eskola proiektua Donostian

Ipar Euskal Herriko Echanges Pays Basque erakundeak sustaturik, Donostiako buraso talde bat hirueleduna litzatekeen eskola proiektu batekin ari da lanean. Ikasleek euskara, frantsesa eta gaztelania menperatzea dute xedetzat. Maiatzaren 17an eta 31n bilkurak iragarri dira, Donostian eta Irunen, hurrenez hurren.

Kazeta|14/05/2019 06:55|0 comentarios
Gazteak
Hego Euskal Herriko gazte gehienek ez dute frantsesa menperatzen. @topatu_eus

Hezkuntza proiektu berri bat abiatzear da Donostian. 1979an sorturiko Echanges Pays Basque erakundearekin batera, buraso talde bat eskola hirueleduna (euskara, frantsesa eta gaztelania) abian jarri nahian ari da eta egitasmoan zenbat buraso biltzen ahal dituzten aztertzeko, bi bilkura publiko eginen dituzte heldu den maiatzaren 17an eta 31n.

Azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian frantsesaren ezagutza apaltzen joan da. 1998an lizeo frantsesa hetsi izanak eragin nabarmena izan zuen hizkuntza horren irakaskuntzan. Nahiz eta oraino pertsona heldu ainitzek badakiten, gazte guti dira frantsesa menperatzen dutenak. Lapurditik 20 kilometrora eta Ipar Euskal Herriarekiko harreman sakona izanik, frantsesa ez jakiteak bere ondorioak baditu, bereziki gazteen artean. Erraterako, Ipar Euskal Herrian lan egiteko aukerak murrizten dira.

Aldagai ekonomikotik harago, elkar ulermena gakoetako bat da Euskal Herri osoan identitate partekatu baten eraikuntzan. Proiektu berri honen sustatzaileen aburuz, frantsesaren ezagutzak ez luke euskararen garapena kaltetuko. Ildo horretan, gogora ekarri dute nola Jean Haritschelhar euskaltzainburua izan zenak gure herrian presente diren hiru hizkuntzak mintzatzeari ematen zion garrantzia.

Gogoeta horri tiraka, Echanges Pays Basque erakundeak ustez hutsune hori beteko lukeen eskola bat sortzeko dinamika bat abiatu zuen. Erakunde honek badu horretan esperientzia, besteak beste, Bidarteko ESTIA ingeniaritza eskolaren sortzaileetariko bat baita. Aurkitu duten lehen arazoetako bat eskolaren kokapenari lotua da. Alta, Amara auzoan Anoetako estadioaren inguruetan eskola bat alokatzeko aukera sortu da.

Eskola hirueleduna xede

Proiektua definitzeko mementoan, Donostian frantsesaren irakaskuntzarekiko interes bat badela ondorioztatu zen. Edozein gisaz, sor daitekeen kezkaren aitzinean, sustatzaileek argi dute halako hautu batek ezin duela euskara kaltetu eta beraz, Euskal Herrian presente diren hiru hizkuntzak hartuko lituzke bere baitan. Akitania Berria, Nafarroa eta Euskadik osatzen duten Euroeskualdeak proiektua babesten du, mugaz gaindiko egitasmo garrantzitsutzat hartuz. Berez, instituzio honek 2017an proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko egindako ikerketa diruztatu zuen.

Eskola berri honen ardatz pedagogikoak pentsamendu kritikoa, norberaren autonomia, kultura humanista sendoa eta hizkuntzen ezagutza mailaren bikaintasuna izanen dira. Proiektua 2020an abian jarriko litzateke, 2 eta 3 urteko haurrentzat klaseak idekiz. Fase horretan, euskara eta frantsesa lehentasunez irakatsiko dira. Ikasleak hazten doazen heinean, klase berriak idekiko dira, ikasleek eskola bukatzerako hiru hizkuntzetan B2 maila izateko xedea harturik, ondoko ikasketak Euskal Herri osoan egiteko aukera izan dezaten.

Itunpeko eskola

Atal juridikoan, Euskal Autonomia Erkidegoan hiru motako eskolak daude: publikoa, laguntza publikoak jasotzen ez dituen eta %100 pribatua den eredua eta itunpeko eskolak. Hauek ere pribatuak dira, ikastolak, buraso kooperatibak edo eskola erlijiosoak, baina Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen dute, betiere hezkuntza proiektuak publikoarenarekin bat egin behar duelarik. Preseski, hau da eskola proiektu berrirako hautatu duten eredua, jende guziarentzat idekia eta jendartearen errealitatearekin hurbilago izateko.

Donostian eta Irunen antolatu diren bilkura publikoetan izena emateko, proiektuaren web atarira (www.liceovascofrances.com) edo @ecolebascofrancaise Facebook orrialdera jo daiteke.