Idoia ERASO

Filma berriak zinema geletan

Euskarazko bi filma berri estreinatu dira Ipar Euskal Herriko zinemetan. Lehena Fermin Muguruzaren Black Is Beltza da eta bigarrena Fernando Bernuesen “Soinujolearen semea”.

‘Soinujolearen semea’ filmaren fotograma.
‘Soinujolearen semea’ filmaren fotograma.

Euskal zinema azken urteetan hartzen ari den tamainaren eta garrantziaren isla Ipar Euskal Herrian ere sentitzen da. Euskarazko filmak Bidasoaren iparraldean banatzeko bi eragile ari dira orain lanean: Baionako Atalante zinema gela kudeatzen duen elkartea eta Gastibeltza Filmak. Azken honetako kide den Katti Pocheluk argi adierazi du: "Beharra bazen, ez zen aski heltzen. Urtean gehiena film bat izaten zen".

Bi eragile hauen eskutik maiatzean euskarazko zinemak tokia izanen du Bidasoaren iparraldean. Atalanteren eskutik, Fermin Muguruzaren “Black is Beltza” estreinatu zen maiatzaren 8an. Estatu frantsesean, hainbat tokitan dago ikusgai, Baiona barne, eta hilabete osoan zehar beste aretoetan ezarriko dute afitxetan. Bestalde, Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako Fernando Bernuesen “Soinujolearen semea” bi aste hauetan Ipar Euskal Herriko zinemetan ikusgai da, Gastibeltzaren eskutik.

Heldu den hilabeteetan ere bide horretan segitzeko bidean engaiatu dira biak. Atalantek Telmo Esnalen “Dantza” filma aurkeztuko du agorrilaren bukaeran edo buruilaren hasieran. Gastibeltzakoek urtea bukatu aitzin hiruzpalau film hedatuko dituztela aurreikusi dute, gehiago izan badaitezke ere.

Euskal filmek eta bereziki euskarazko filmek interes berezia dute iparraldeko hiru lurraldeetan, hegoaldeko lauretan bezala; ezberdintasuna administratiboa da, ordea, ez baita beti erraza filmak Bidasoaz bestaldeko aretoetara eramatea. Euskal zinemaren garapenak hutsune hori agerian utzi du azken urteotan, eta hori dela-eta Gastibeltza Filmak enpresa berriak bide hori hartzea erabaki du, eta Atalantek orain arte indar gutxiagorekin zeraman banaketa garatzeko asmoa agertu du.

Atalantek bide hau 2014an hasi zuen, eta geroztik “Amama”, “Handia” eta orain aurkeztu duen “Black is Beltza” ditu banaketa sarean lagundu. "Gero eta gehiago dira euskal zinemarekin interesatzen diren aretoak. Film honekin lehen aldia da estreinaldi egunean Frantzian zehar ere beste tokietan ere eskaintzen dena", baieztatu du Atalanteko zuzendari artistikoa den Simon Blondeauk.

Estatu osoan zehar, 20 eta 30 toki ingurutan aurkeztuko dute, besteak beste: Paris (estreinaldi egunetik goiti aurkeztuko da), Bordele, Montpellier, Lyon, Marseilla, Avignon, Arroxela... Zuzendariak nabarmendu du, halaber, ohi ez bezala ez dela emanaldi bakarra izanen, ikusgai egonen baita egun batzuez.

Baionako aretoan aurkezteaz gain, Ipar Euskal Herrian ere ahalik eta gehien hedatzea dute xede, Kanbon aurreaurkezpena egin zuten joan den astean, egun hauetan Donapaleun (maiatzaren 17an) eta Donibane Garazin (maiatzaren 30a) aurkezten ari dira, hilaren 24an Hendaian eskainiko dute, eta ekainaren 5ean emanaldia izanen da Biarritzen, besteak beste.

Gastibeltza Filmak

Euskal zinema ekoitzi eta banatzeko sortu zen Gastibeltza 2018ko maiatzean. Enpresako kide diren Ximun Fusch, Eñaut Castagnet eta Manex Fuschek egin zuten “Non” filmaren banaketarekin abiatu zen enpresaren bidea, geroztik “L’Hypothèse démocratique”, “Gure oroitzapenak”, “Lezo: amets kontrabandista”, “Jainkoak ez dit barkatzen”, “Herensugeak, haritzaren bihotza” eta “Margolaria (The Painter)” Ipar Euskal Herriko pantailetara eraman dituzte. "Urtean sei-zortzi bat film izanen dira euskaraz orotarat, ez da hainbeste, publikoa bada", azaldu du Pocheluk, egungo egoerari buruz. Hiru lurraldeetako bederatzi gelekin harreman egonkorra dute.

Maiatzaren 16ra bitarte egunez egun, iparraldeko hiru lurraldeetako zinema geletan egonen da “Soinujolearen semea”. Hendaian, Maulen eta Donapaleun izan ondoren, 10ean Urruñan, 13an Kanbon, 14an Donibane Garazin, 15ean Hazparnen izanen da; azken emanaldia Biarritzen egiteko. Berezia izanen da hitzordu hau, Bernardo Atxaga mintzaldia eskaintzera hurbilduko baita. Mediatekan izanen da 18.00etan, eta 20.45ean idazlearen presentziarekin filma eskainiko dute Le Royal zinema aretoan.

Aldiz, ez da Baionako Atalante aretoan ikusgarri izanen, zuzendariak proposamena programazioa jada osatua zelarik heldu zela adierazi du: "Beranduegi ailegatu da, nahiz eta ez dugun atea guztiz hetsi, eskoletatik eskaera heltzen bada, esaterako; aldiz, ez da maiatzean izanen".