Iñaki Egaña

Jon Anzaren azken aurreko bidaia

Iñaki Egaña. ©Foku
Iñaki Egaña. ©Foku

Hamar urte joan dira Jon Anzak, Baionan, Toulousera eramango zuen tren hori hartu zuenetik. Larunbata zen, 2009ko apirilaren 18a. Itzulerarik gabeko hiru ordu eta erdiko bidaia. Jon desagertu baitzuten. Orain dela hamarkada batzuk idazten hasi ginen bukaerarik gabeko zerrendan beste bat gehitu behar izan geunen. Oraindik ere, ehunka euskal familia dira areketan haien senideak bilatzen dituztenak, edota haien senitartekoak errauts bilakatu zituzten sarraski-esparruari buruzko pistak eskatzen dituztenak. Eta baita zerrenda luze horretako azkenak ere, Pertur, Naparra, Hernandez eta Popo Larre.

Jonen hilotza, 2010eko martxoaren 11n Toulouseko gorputegian agertu zen. Hamaika hilabete, antza denez, polizia eta justizia ikerketek bilatzen zuten erantzuna aurkitu behar zuten leku batean. Baina ez zen hala izan. Madril eta Parisen arteko bete beteko elkar aditze aroak ziren. GALen eta Poliziatik Poliziarako eskura uzteen garaietan bideraturiko harreman sendoa. Elkar aditzea sendoa eta Espainiak zuzendua izan zedin, Madrilen, Frantziako epaile, polizia eta terrorismoaren aurkako agenteentzako dominak eta sariak banatzen ziren.

Desagertu eta egun gutxira, ETAk Jon Anza erakundeko militantea zela eta Toulouserako bidea diru zama handi batekin hartu zuela adierazi zuen. Postari lanak egiten zituen. Jonek, haren militantziarekin loturiko ekintza desberdinengatik akusaturik, 21 urte eman zituen Espainiako kartzeletan. Sortzez Donostiarra, Lapurdiko Ahetze herrian bizi zen.

Espainiako Barne ministroaren bertsioa egun gutxitan fabrikatu zuten. Ministro Alfredo Pérez Rubalcaba zen, Felipe Gonzalezen eta GALen garaitik bizirik atera zenetako bat. Arlo publiko zein pribatuan, bulegoetan baina baita estolda-zuloan ere esperientzia haundia zuen zakur zaharra zen. Perez Rubalcabak hedabideetan zabaldu zuen, hark zituen datuen arabera Jon Anza erakundeko diruarekin ihes egin zuela. Harraparia izatea egozten zion. Hori hedatu zuen hedabideak ETAri “salatari” izaera leporatu zion, Jonen militantzia agerian utzi zuelako. Kontrainsurjentziaren ohiko kalumniak, Jon Anza aspalditik hilda baitzegoen, Toulouseko gorputegian, ustez inork identifikatu gabe.

Hortik gutxira, Le Monde egunkariak Jon Antza Espainiako poliziak bahitu zukeela argitaratu zuen. Aurreko hilabeteetan norbere burua poliziatzat aurkezten zuten mertzenarioek, edo alderantziz, gutxienez lau euskal militante bahitu zituztela ere jakin zen. Lander Fernandezen, Alain Berastegiren, Dani Saralegiren eta Juan mari mujikaren, azken hau Donapaleun, bahiketarako “modus operandiak” Jon Anzarena nola gertatu zen imajinatzeko tartea uzten zuen.

Susmoa dago trenean atzemana, leku ezezagun batera eraman zutela eta han egin zioten galdeketaren ondorioz hilzorian gertatu izana . Oso osasun egoera delikatuan zegoen. Abandonaturik, apirilaren 29an Toulouseko Purpan ospitalean sartu zuten maiatzaren 11n zenduko zelarik.

Bilaketa lanak burutzen ziren bitartean, Familiak eta ETA erakundeak Jonen desagertzea salatu eta berehala lau Guardia Zibilek Toulouseko Adaggio hoteletik presaka ihes egin zutela eta hartan bi pistola ahaztu zituztela jakin zen, eta horrek bahiketaren tesia indartu baizik ez zuen egin.

Frogek ikerketan sakontzeko nahikoa ematen bazuten ere, Desorientazio Protokolo kontrainsurjenteak bere lana behar bezala bete zuen. Mugaz bi aldeetako manifestaldi jendetsuak, ikerketa inpartzial baten aldeko buruzagi politikoen adierazpenak… Espainol eta Frantses agintariek guzti hori modu oso arinean tratatu zuten, protesta hauen protagonistek konspirazioaren teoriak sustatzen zituztela adieraziz eta ezer susmagarri ez zegoela esanez.

Parisen, Barne ministro zen Michèle Alliot-Mariek ez zien Perez Rubalcabaren adierazpenei kontra egin, honen taldeak gezurra esaten zebilela jakinda ere. Baionako prokuradorea (fiskala) zen Anne Kanayakisek ikerketan zehar izandako akatsak publikoki onartu zituen. Prokuradoreak kasua utzi zuen, esan zuenez honen konplexutasunarengatik, eta Michel Valet prokuradoreak lagunduriko Toulouseko Myrian Viargues instrukzio-epailearen esku utzi zuen.

Toulouseko buru judiziala zen eta kasuaren ardura zuen François Bodinek ez zuen irregulartasunen frogarik aurkitu. Kanayakisekin batera Bordelera lekualdatu zuten. Mailaz igotzea izan zen. Espainian, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari zen Mikel Cabiecesek, Jon Anzaren desagertzea gertaera anekdotikoa zela adierazi zuen, bigarren mailakoa. Arretarik merezi ez zuena. 2012an haren kargua utzi zuenean, Kutxabanken modu irregularrean sartu zuten, banku entitateko lehendakari zen Mario Fernandezen arabera, “emandako zerbitzuengatik”.

Ordu hartan euskal Gobernuko Barne kontseilaria zen Rodolfo Aresek, “Non dago Jon” lemapean deitu zen manifestaldiaren antolatzaileen aurkako salaketa ezarri zuen Auzitegi Nazionalean, hartan “poliziak torturatzen eta hiltzen du” oihukatu zelako. Zazpi urte geroago, Gobernu berak Euskal Autonomia Erkidegoan 4.113 tortura kasuren existentzia ziurtatzen eta dokumentatzen zuen.

Auzitegi Nazionalean, Fernando Andreu magistratuaren kudeaketek ez zuten inolako emaitzarik eman. Ezta aldi berean eramaten zuen beste desagertu historiko bat den Eduardo Moreno Bergaretxe, Perturren kasuan burutu zituenak ere. 2017an, Jonen heriotza bihotzeko baten ondorioz izan zela eta honen kudeaketa bata bestearen atzetik gertatu ziren akats administratiboen emaitza zela ondorioztatu ondoren, Pariseko Dei Auzitegiak, Estatu frantsesak euskal militantearen desagerpenaren ikerketan izan zuen erantzukizunaren aitortza eskaera atzera bota zuen.

Gaur, hamar urte beranduago, eta EAJren eta PSOEren onespenarekin, euskal erkidegoko Gobernuak sustatzen duen Estatuaren biktimen legearen arabera, Jon Anza ez da biktima bat. Bi arrazoirengatik: lehena, Jon ETAko militante zelako eta hauek polizia gehiegikeriatik kanpo gelditu dira; eta bigarrena, frogak eta ikerketan irregulartasun zantzu argiak egon arren, erresoluzio judizialak, akordioaren arabera, beste guztiaren gainetik daudelako. Ondorioz, hamar urte geroago, Estatu afera izaten jarraitzen du. Joni haren azken bidaia egitea falta zaio, egiarena.