Euskal kooperatibak FARCeko gerrillari ohiak formatzen

Mondragon Korporazioak formazio batzuen bidez FARCeko gerrillari ohien birgizarteratze plan baten baitan parte hartzen du. 2016ko bake akordioen ondotik, 2020rako helburua haietako lau mila lanera itzuli ahal izatea da.  

Kazeta|17/04/2019 13:56|0 comentarios
0330_gaur8_ekomun
FARCeko gerrillari ohi gehienak Ecomun elkartean biltzen dira. (Gaur8)

Arrasateko kooperatibetako ordezkaritza bat Kolonbiara joan zen joan den martxoaren 13an. Bertan, FARCeko gerrillari ohi batekin akordio bat izenpetu zuten, arrain hazkuntzarako eta turismorako kooperatiben sare bat sortzeko. Helburua: 2016an Habanan izenpeturiko akordioen ondotik, desmobilizaturiko 14.000 gerrillari kolonbiarren zati handi bati lanbide bat ematea.

Egitasmo hau Europar Batasunaren gerizpean kokatzen da, zeinak xede horretarako 7,5 milioi euro ematen dituen. Bestetik, Kolonbiako Gobernuak, kooperaziorako Espainiako Agentziak, Eusko Jaurlaritzak eta Ecomun gerrillari ohien elkarteak 10 milioi euroko ekarpena egiten dute. 2016an Juna Manuel Santosen gobernuaren eta FARCen arteko bake akordioak izenpetu eta, lehentasunetako bat gerrillari ohiak lan-sailez aldatzea izan zen.

“Gehienak landa eremuetatik heldu dira eta haietako ainitz adingabeak ziren FARCekin bat egin zutenean. Oihanean bizita, ez dute formazio profesionalik. FARCeko buruek beren kideentzat aterabide kolektibo bat nahi dute eta Euskal Herrian garatu den enpresa kooperatiboa ongi datorkie”, erran zuten Mondragon Korporazioko arduradunek. Birgizarteratzeaz arduratzen den Pastor Alape FARCeko arduradun militarrarekin harremanetan daude.

Ecomun elkartea berriz, gerrillari ohien erakundea da, nahiz eta guziak ez diren bertan sartu. 14.000 gerrillari ohien artean, %20 inguruk ez du bat egin, bake akordioekin dituzten ez adostasunak direla eta, edo beste kasu batzuetan, bere kasa xerkatzen dituzte aterabideak. Elkartearen xedea da arrain hazkuntzarako kooperatibak sortzea, ondotik komertzializatzeko, kontuan hartuz Kolonbiako kostaldean arrain ainitz badela. Turismorako aktibitateak ere lantzea dute asmoa.

Euskal kooperatiben zeregina

Mondragoneko formatzaileek enpresen kudeaketarako eta lanaren antolaketarako plan bat garatu nahi dute. “Proiektua oinarri prekarioetan abiatzen da. Modu partekatuan harturiko erabakietan oinarritzen den filosofia kooperatiboaren funtsak proposatu nahi ditugu. Kooperatiba kolonbiar hauek lagunduko ditugu, bai haien baloreak eta bideragarritasun ekonomikoan, bai eraldaketa sozialerako izaten ahal duten potentzialean. Zerotik abiatzen gara eta errepide azpiegituren eraikuntzarekin eta Interneterako sarbidearekin hasiko gara”. Patricia Llonpart Europar Batasunak Kolonbian duen enbaxadoreak erran zuen, plan honek duen helburua ber-adiskidetzea eta auzoko herrien garapena dela.

Egun, gerrillari ohiak 26 kanpalekutan daude banaturik eta babes sozial eta legala dute, subsidio batzuekin batera. 2020ko agorrilera arte izanen da horrela. Horregatik hautatu da data hori, haietako 2.000-4.000 kidek lana atzeman dezaten. Hau da euskal kooperatibak bake akordio batzuen ondotik gisako prozesu politiko batean murgiltzen diren lehen aldia. 1990etik Kolonbian 164 egitasmo eta 33 milioi euro plantan eman dituen Eusko Jaurlaritzaren babesa dute.