Gasteizerainoko bidea egin du Korrikak

Maialen Lujanbiok irakurri du berak idatzitako mezua Andre Maria Zuriaren Plaza bete-betearen aitzinean. "Mundu bat euskarak, mende erdia Euskara Batuak, eta ehunka mila bizitza eta gogo euskarak batuak".

Maddi Txintxurreta|15/04/2019 09:08
Loading player...

Goizean goiz hasi da Korrika, bere hamaikagarren eta azken egunean, Naiz atariak oroitarazi duenez. Gasteiz osorik inguratzen, eta poliki-poliki baina erritmoa galdu gabe, hiriaren erdialdera mugitu da. Jendetza aritu da korrika eta jendetza, baita ere, euskararen hauspoa hiriburu arabarrera eraman dutenei txalotzen.

Antolakuntzak sei gune sortu ditu Gasteizen barrena. Lehenengoan, Foru Plazakoan, soinu-probak egiten ari ziren Libe taldekoak, eguerdiko kontzertua berotzen. Taldeko teklista eta ahotsak, Libe Garcia de Cortazarrek, esan du euskaldu berria izanik «ilusioz» dagoela ekitaldi erraldoi honen parte izateko.
Luis Carlos ere han inguruan zebilen. Nafarroako erriberatar honek hainbat herrietatik jarraitu du Korrika, eta azkenengo egunean ere ez du kale egin. «Zer maitatzen dugu? Euskara, euskara delako gure pentsatzeko modua, bizitzeko modua eta pentsatzeko modua», esan du.

Probintzia Plazan, berriz, ekoitzle arabarren txokoa muntatu dute. Gazta, mermelada, sagardoa, denetarik zegoen, baita "Klika" izeneko garagardoa ere, Saltus eta Boga ekoizleek AEKrekin elkarlanean eratu dutena.

Goizetik, giro paregabea hartu du Gasteizek. Batzuk urduri, besteak gogotsu, 2.562 kilometroren ostean nekatuta, baina guzti-guztiak euskara plazaz plaza eramateko grinez. Azkenengo plaza izan da Gasteizkoa eta bertan lehertu da Korrika.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak 2.550. kilometroa hartu du Martin Salinas plazan. Andre Maria Zuriaren Plaza betetzen hasi da apika, jakinik festa gertu zegoela. Etxeratekoek hartu dute testigua, Gure Esku Dagok, Euskaltzaindiak, eskuz esku, azkenengo kliometroan AEKko hamabost-bat ordezkariek hartu duten arte, Mertxe Mugika lehendakaria buru.

Hizkuntza «ahulguztiduna»

Txalo zaparraden artean eta "Klika, Korrika" oihu artean egin diote harrera Korrikari Andre Maria Zuriaren Plazan zain zeuden milaka pertsonek. Balkoira igo dira AEKkoak eta, azkenean, argitu da nor izan den lekukoak Garestik zekarren mezuaren egilea: Maialen Lujanbio bertsolaria. Une hunkigarria izan da Lujanbiok mezua irakurri duenekoa. «Egin eragin, eginarazi», aldarrikatu du, «sortzeko» baitu «ia dena» euskarak. «Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna», esan du. Halaber, Euskara ez dela «euskararen gauzetarako aplikazioa» eta herri honen «sistema eragilean» behar duela adierazi du.

«Maialen Lujanbiok mezu eder eta mamitsuan esan bezala, Euskal Herri euskalduna erdietsi nahi badugu, sistema eragilean egin behar dugu KLIKA. Eragiten duten toki guztietan klika egitea, baina, erraza bezain nekeza izan daiteke. Geuk erabakiko dugu nola egin, hartzen ditugun konpromisoen arabera», esan du Mertxe Mugikak.

Adierazpenen ostean, 21. Korrikaren kantua ozen jarri dute bozgorailuetatik, Posta kaletko eskaileretan VTR taldeak eta Urduri dantza taldeak dantzatzen zuten bitartean eta beraiekin batera, plaza guztiak. Horrela amaitu da Korrika, 2.562 kilometro eginda ere, euskara ahoan eta sasoi bizian.

NOTICIAS RELACIONADAS