Kazeta

Pagolako pastoraleko afixa hautatu dute

Lehiaketa bat abian jarri eta hamar afixa proposamen jaso ondotik, joan den martxoan hautatu zuten Xabi Caset oragartarraren afixa. Pastorala uztailaren 28an eta agorrilaren 4an emanen dute.

Pastoralaren errepikak egiten ari dira Pagolan.
Pastoralaren errepikak egiten ari dira Pagolan.

Pagolako “Domingo Garat” pastoralak badu afixa. Aktoreek eta komisioetako kideek bozka eman ondotik, Xabi Casetek egindako afixa hautatu dute martxoan, orotara aurkeztu ziren hamar proposamenen artean. Pastorala uztailaren 28an eta agorrilaren 4an emanen dute, Pagolan berean.

Pastoralaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, errepikek aitzina segitzen dute eta eszenak plantan emanak izaten ari dira, kantariak haien bozak hobetzen dituzten bitartean. Pastorala joan den azaroaren hastapenean izan zen presentatua, kokatzen den testuinguru historikoa ere aipatua izan zelarik. Hots, Frantziar iraultzaren garaia.

Pagolako pastoralaren berriak eta aitzinamenduak segitzeko, Facebook orrian sartzen ahal da.