Eneko Aldana: "Ziburu Biziren zerrenda arraberritzeko asmoa dugu"

Ziburu Bizi taldeko kideak heldu den urteko hauteskunde kanpainaren prestaketan hasi dira. Eneko Aldana hautetsiak Ziburuko Herriko Etxearen lehiarako dagoen giroa ekarri du gogora.

Goizeder Taberna|10/04/2019 13:48|0 comentarios
Guz_ziburubizi_ziburu_gfauveau5
Eneko Aldana, Ziburu Bizi taldeko hautetsia. © Guillaume FAUVEAU

Aurre-kanpaina giroa sumatzen da Ziburun. Guy Poulou auzapezak bere jarlekua utziko duen honetan, Isabelle Dubarbier-Gorostidi, Henri Hirigoyemberry eta Dominique Duguet hautetsiek 2020ko bozetara aurkeztuko direla iragarri dute. Ziburu Bizi talde abertzalea ere kostaldeko herrirako proiektua definitzen ari da, hautagaia izendatu aitzin. Heldu den sartzerako presentatzeko asmoa dute eta zerrenda ideki, anitz eta abertzale bat osatu xede dute.

Heldu diren herri hauteskundeei begira, zein mementotan zaudete?

Zerrenda bat osatzeko deliberoa hartu aitzin, lehenik agintaldi honen bilana abiatu dugu, baina batez ere Aupa Ciboure taldearen hiru mandatuak eta 20 urteko kudeaketa aztertuz. Argiki ikusten ahal dugu egin beharretatik urrun garela. Bereziki etxebizitzaren gaiarekin, nehoiz ez baita hain zaila izan Ziburun etxea atzematea. Hori zahartzen ari den biztanle kopuruaren apaltzearekin ikus dezakegu. Egin diren inbestimenduak lekuz kanpokoak dira, erabilera anitzeko gelarena adibide bat izan daitekeelarik. 6.500 biztanleko herri batean, emanaldietarako bi sala ditugu, Donibane Lohizunek berea izanen duen aldi berean. Azken mandatua giro eta kudeaketa kaotiko batean garatu da, tentsio handian. Poulou jauna presentatzen ez bada ere, Aupa Ciboure zerrendako bi hautagaiek ere gutxi gorabehera politika bera eginen dutela uste dugu. Horiek dira gu aurkeztera eramaten gaituzten arrazoiak.

Gehiengoaren bilana egin duzue, baina zein da zuena?

Duela sei urte zerrenda bat osatzea erabaki genuen, 2008an sozialistekin batera presentatu ginen bitartean. Hautu egokia izan zen. Lehen itzulian abertzaleentzat historikoa den %21eko emaitza lortu genuen. Bigarren itzulian sozialistekin akordio programatiko bat adostu zen baina maleruski, ez genuen ziburutarrak konbentzitzea lortu. Ondotik hautetsi gisa egin dugun lana positiboa izan dela uste dut. Etxez-etxe bost argitalpen banatu ditugu, bakoitzeko 4.000 ale baino gehiagorekin. Honek ziburutarrekin elkar topatzea permititu digu. Bigarren etxebizitzen zerga dela eta (hastapenean auzapeza kontra ageri zena), 1.200 sinadura bildu zituen petizio bat abiatu genuen.

Horrez gain, exekutiboak aurkeztu izan dituen proiektuak landu ditugu. Nehork ezin dezake erran txostenak menperatzen ez ditugunik. Bistan da gure lana fruituak ematen ari dela. Departamenduko hauteskundeen lehen itzulian ikusi ahal izan genuen. Abertzaleak lehen indarra izan ginen, Isabelle Dubarbier-Gorostidiren (Guy Poulouren lehen axuanta) aitzinetik.

Zein asmorekin abiatuko duzue heldu den kanpaina?

2020 Zibururentzat memento erabakigarria izanen dela kontsideratzen dugu. Azken 20 urtetako kudeaketan aldaketak eragin nahi baditugu, 2020an hori egin beharra dago. Horretarako, funtsezkoa da Ziburu aurrerakoiagoa eta aterabideak bilatzeko gai izanen diren indarrak batzea. Ziburu Biziren zerrenda arraberritzeko asmoa dugu, zabalagoa izateko, ez soilik abertzaleena. Oinarri komunak partekatzen dituzten pertsonei idekia izatea nahi dugu.

Deialdi bat egiten ari al zara?

Lantzen ari garen ideia bat da. Borondate ona eta gaitasuna duten pertsonek gurekin bat egin dezaten nahi dugu eta baita proiektu berdina partekatzen duten indarrak bil ditzaten ere. Ez dugu lehenik eramaile baten inguruan bildu nahi, gure aurkariek egin ohi duten gisan, proiektu bat eraikitzen hastea baizik. Horregatik, proiektua garatzeko urtarrilaz geroztik profesionalek eta teknikariek animaturiko tailer parte hartzaileak burutzen ari gara. Gure programaren egingarritasuna lantzen ari gara, gure xedea baita gure programa plantan ematea. Kudeaketan sartu nahi dugu. Tailerrak arrakastatsuak dira eta idekidura horretan ikusi ahal izan da. Proiektu baten inguruan bat eginda gaudenean, hura gidatuko duen pertsona egokiena nor den deliberatuko dugu.

Sozialistekin harremanik ba al duzue?

Hautetsi arteko harremanak ditugu, baina ez dugu aparatuen akordio bat egiteko asmorik. Sozialistek gurekin bat egin nahi badute, hori ez da izanen haien alderdiarekin akordio bat dagoelako.

Azken herri kontseiluan, 2019ko buxetak ez zuen hautetsien gehiengoaren babesik lortu. Egoera hori heldu den herri kontseiluan desblokeatu daiteke. Egoera honek zer gogoeta eragiten dizu?

Annus horribilis dei genezakeen, baina hau “agintaldi horribilis” izaten ari da. Tokiko Hirigintza Plana (PLU) eta Poulouren taldearen bi proiektu handiak bertan behera gelditzearekin hasi zen. Hau da, adineko pertsonen etxea eta Santa Teresa. Ezeztatzetik ezeztatzera, barne zatiketarekin bukatu zen. Talde horren ideia ez zen proiektu bat garatzea, anbizio pertsonalak nagusitzea baizik. Bi pertsona lehia bizian aritu dira (Isabelle Dubarbier-Gorostidi eta Henri Hirigoyemberry), baina sakonean, ez dakigu zergatik. Pertsonei buruzko debate bat izan zen, ez proiektuen ingurukoa.

Eskola bateratzean ikuspegi ezberdinak ere badira. Zein da gai honekiko zuek duzuen posizioa?

Gure buruari galdera ainitz egiten dizkiogu. Herriko Etxe batek behar asko asebete behar ditu, dela hezkuntzan edo etxebizitzan. Bi herri ondasun saltzea eta eskolak leku batean batzeko hautua itzulerarik gabekoak dira. Ez zuten herriaren bilakaera demografikoaren azterketarik egin, edo ezta hamar urtetarako etorkizuneko beharren gainekorik ere. Eskolen bateratzean murgildu aitzin, prospekzio lan bat egin beharko genuke. Gure aldetik, ideia bat izan dezagun, ikasleen burasoekin eta irakasleekin harremanak egiten ari gara.