Hamar kirol desafio Biarritzeko itsasbazterrean

Hamargarren urtez jarraian apirilaren 7an “Biarritz forman” ekimena eginen da Hondartza Handiko ibiltokian. Lehiaketa kolektiboa, lehen irakaspenak urririk, hamar kirol desafio... eta beste aktibitate gehiago iragarri dituzte.

Kazeta|06/04/2019 14:00|0 comentarios
Pausoak
Biarritzen 11.014.000 urratsen marka hausten entseatuko dira.

Ipar Euskal Herrian barrena Korrikan euskararen alde lasterka ehunka lagun arituko diren memento berean, kirolari eta osasunari loturiko beste gisako desafioak eginen dira Biarritzen. Lapurdiko Hirian 60 kirol elkartek urtero antolatzen duten “Biarritz forman” ekimena apirilaren 7an eginen da, 10:00etatik 18:00etara Hondartza Handiaren inguruetan.

Molde askotako desafioak proposatuko dituzte, batzuk zailagoak besteak baino, hala nola, bi gurpileko desafioak, itsasargirantz 248 urratsetan iristea, igerileku eta arraunketari loturikoak, orientaziozkoak... Hiru desafio egitera iristen direnentzat sariak eta kamisetak izanen dira.

Marka bat hausten ere entseatuko dira: milioika urratsen errekorra, hain zuzen. Guzientzat urririk izanen diren podometroak soinean, lasterkariek egun osoan zehar haien urratsak kontatu ahalko dituzte eta guzienak batuta, 11.014.000 urratsen errekorra gainditu nahi dute.

Biarritzeko hiria ezagutzeko ibilaldia ere proposatu dute, Jean-Louis Menochet mintzalariak gidaturik itsas hegiko Euskaldunen aparkalekutik 10:00etan aterako dena. Eguerditan berriz, zerutik argazki kolektibo bat aterako dute kirol egun honen oroitzapen gisa gorde ahal izateko.

Egitarau osoa hemen klikatuz eskura daiteke.