Kazeta

Irisarriko eskola elebiduneko burasoak ez daude amore emateko prest

Apirilaren 5ean Irisarriko eskola elebiduneko ikasleen burasoek ikastetxea blokatuko dute. Mugagabea izanen den ekimenaren bidez, 2019ko sartzerako galdegin duten murgiltze ereduaz jaso duten ezezkoa salatu nahi dute. 

Martxoaren 20ko irudi hau egunero errepikatuko da Irisarriko eskolan. ©Guillaume Fauveau
Martxoaren 20ko irudi hau egunero errepikatuko da Irisarriko eskolan. ©Guillaume Fauveau

Irisarriko eskola elebiduneko burasoen eskaerak ez du erantzun positiborik jaso, baina halere, ez dute gibelera egiteko asmorik. Apirilaren 5etik aitzina egunero goizeko 8:45ean eskola blokatzea erabaki dute, ekimena mugagabea izanen delarik.

Ikas-Bi elkarteak babesturik, murgiltze sistema plantan emateko eskaerak jasotako ezezkoa salatu zuten joan den martxoaren 20an. Burasoen erranetan, proposatu duten proiektuak urrats administratibo guziak errespetatu ditu. Horien artean lehena, errektoretza, Euskararen Erakunde Publikoa, Herriko Etxea, irakasleak eta ikasleen burasoak bildu zituen bilkura izan zen. Ondotik, burasoen artean inkesta bat egin zen, “gehiengo oso handi batek” proiektuaren alde eginez, duela bi aste iragarri zuten bezala.

Akademiaren zuzendaritzak aurkeztu dituen argudioak “onartezinak” direla adierazi dute burasoek. Irakasle elebidunen gabezia dela eta, burasoek argi diote: “ez dago postu gehigarri baten beharrik, jadaneko eskolan irakasle elebidunak baitaude”. Bestalde, Akademiak aipatzen duen “ebaluaziorako beharraz” burasoek erantzun dute bilkura hartan aholkulari pedagogikoek egindako ebaluazioa mahai gainean ezarri zela eta euskaraz ikasteak “zalantzarik gabeko abantailak” lituzkeela ondorioztatu zutela.