Kazeta

Herri Urratsek baditu bere kantua eta klipa

Maiatzaren 12an Senperen ospatuko den Herri Urratsen kantua eta klipa presentatu dituzte. En Tol Sarmiento talde arabarrak doinua eman die Maddalen Arzallusek idatzitako hitzei.

Baionako Bernat Etxepare lizeoa Herri Urratsen bideokliparen eszenatoki bilakatu da. En Tol Sarmiento talde arabarra maiatzaren 12an Senperen ospatuko den ekimenaren kantua ekoizteaz arduratu da.

Berrogeita hamar urte hauetan Seaskak egindako lana omentzen duen kantua eta bideoklipa ezagutarazi dituzte martxoaren 26an. Maddalen Arzallus bertsolariak abestiaren letrak idatzi ditu eta klipan ikusten den bezala, pasarte batzuk ere kantatzen ditu.

"LK" lelopean iraganen den ikastolen aldeko bestak Baionako Estitxu Robles Aranguiz eta Bernat Etxepare lizeoaren alde eginen du. Ikasle berrien harrera ziurtatu ahal izateko obrak egiteko baliatuko dituzte bestaren irabaziak.