Arantxa MANTEROLA

Industriaren “erakargarritasuna” garatu nahi duen astea

Martxoaren 18tik 24era iragaiten ari den Industriaren Astearen baitan, sektoreko jarduera ezagutarazteko eta bertako askoren mesfidantza alboratzeko ekimenak proposatuko dituzte Ipar Euskal Herrian.

Ipar Euskal Herriko lanpostuen %9,1 industria sektorekoak dira, gutxi gorabehera Estatuko maila bera.
Ipar Euskal Herriko lanpostuen %9,1 industria sektorekoak dira, gutxi gorabehera Estatuko maila bera.

2011. urtetik goiti urtero antolatzen den Industriaren Asteak izango du isla Ipar Euskal Herrian ere. Izan ere, ekimen andana antolatu dute 9. ediziorako. Inox Pyrenees enpresan egin zuten aurkezpena sektoreko zenbait ordezkarik, hainbat hautetsi eta Pirinio Atlantikoetako Hezkuntza Akademiako zuzendaria bertan zirela, Garako artikuluak azaldu duenez.

Lurraldean industriak duen presentzia ezagutaraztea da helburuetako bat, baina ez bakarra, aldi berean, sektorea «erakargarriago» egitea ere bilatzen baitute. Izan ere, egun oraindik aurreiritzi asko apurtzeke daudela uste dute eta hori, gainera, «kalitatezko eta hobekien ordaindutako enplegua» sortzen duen sektorea izanik.

«Eraldaketa sakona» gertatzen ari da industrian, batez ere teknologia berrien garapenarekin, eta horrek prestatutako langileak exijitzen ditu. UIMM Aturriko bailarako Metalgintzako presidente Ary Plagnolek adierazi zuenez, beste hainbat egiturarekin elkarlanean (Pôle Emploi, Merkataritza eta Industria Ganbera-MIG, erakundeak, Hezkuntza...) urtero langileak formatzeko ahalegina egiten dute. Hala, aipatu eskualdean dauzkaten formakuntza guneei esker, urtero 520 ikasle lanbide heziketan eta ingeniaritzan, 2.500 lagun etengabeko formakuntzaren baitan eta 300 bat langabe prestatzen dituzte.

Aberastasuna eta enplegua

Industria jarduera «birlokalizatzen» ari den zantzu argiak daudenean eta 2016tik sektorea berriro hazkunde bidean jartzen ari dela sumatzen denean, industria «aberastasuna eta enplegua sortzen duen sektore nagusia» dela nabarmendu zuten Plagnolek zein Philippe Neys Medef patronaleko buruak. «Langabeziari aurre egiteko arma nagusia da industria», esan zuten biek, enpresetan «karrera egiteko» aukerak aipatuta.

Pantxoa Bimboire MIGeko ordezkaria ere Euskal Herrian industria «balioesteko beharraz» mintzatu zen, merkataritza eta eraikuntzarekin batera, ekonomiaren zutabetzat jota. Euskal Herrian «industriagintza zirkuitu motzen ekosistema propioa» ezartzeko aukera ere aipatu zuen, «mugaz gaindiko kokapenak zabaltzen dituen aukerak» gogoraraztea ahaztu gabe.

Egitarauaren baitan, besteak beste, 50 enpresa bisitatu ahal izango dira, mahai-inguruak egingo dituzte, Bidarteko Estian Emakumea eta Industriari buruz martxoaren 26an izango dena esateko, eta Enpleguaz foroa Hendaian apirilaren 4an.