Emazteek eta gizonek dantzan duten lekua aztergai Donapaleun

Burgaintzi taldeak antolaturik, martxoaren 22an Oier Araolaza Arrieta dantzari eta antropologoak mintzaldia eskainiko du Donapaleun. Tradizioa egokitzeko beharra mahai gaineratuko du, azken urteotan hainbat herritan tentsioak sortu dituen gaiari helduz.

Kazeta|21/03/2019 06:30|0 comentarios
Ipfonysss_dy2tc-nslyoy6qlulnwqtzkhmddih75ktj_zm-rcbtzvksvwd0fyv1kmqavq_w1395-h564
Luzaideko bolantak plazan eskainitako ikusgarrian. © Amaia Luro

Luzaideko bolant egunean neskek dantzatzeko bozkatu behar izan dute. Uztaritzeko kaskaroten usaiak mutikoen artekoa izaten segitzen du. Elizondon emazteak mutil dantzan sartu zirenean gizonek alde egin zuten. Tradizioan aldaketak egiteak sortzen duen eztabaida biziaren adibide batzuk baino ez dira. “Gaurko egunean konprenitu eta transmititu ahal daitezke halako genero ezberdintasunak?, galdetzen diote beren buruari Burgaintzi taldeko hainbat dantzarik.

Gai horri bete-betean helduko dio Oier Araolaza Arrieta dantzari, kazetari, antropologo eta idazleak Donapaleun. Burgaintzik gomitaturik, heldu den martxoaren 22an, arratseko 20:30ean Herri Elkargoko gelan mintzaldia eskainiko du elgoibartarrak. “Egokitzeko gaitasuna da tradizioak bizirik mantentzen dituena. Lehen egin ez izanak ez du justifikatzen orain ez egitea”, erran du.

Oier Araolaza Arrietak 2002an euskal dantza munduan erreferentzia den www.dantzan.eus ataria sortu zuen. Hainbat liburu ere idatzi ditu, horien artean 2012an Etxepare Institutuak argitaraturiko “Euskal Dantza” izenekoa. Dantza tradizionalean aditua da eta bereziki landu izan du historian zehar emazteek eta gizonek dantzan duten lekua.