Kazeta

Kalaportu: Sarrionandiaren poesia musikatua Baionara heldu da

Korrika Kulturalaren barnean, martxoaren 23an Baionan Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa musikaren bidez eszenaratuko da Kalaportu ikusgarriaren bitartez. Loraldiak ekoitzita, hamar musikarik kantu berriak plazaratuko dituzte Euskal Herri osoan egiten ari diren itzuliaren baitan.

Joseba Sarrionandia euskal idazlerik musikatuena da. Hamaika dira bere poesiaren hitzak kantura eta musikara ekarri dituzten artistak eta oraingoan ere, idazle, musikari eta elkarte ezberdinen lankidetzarekin ikusgarri berri bat estreinatzen ari da Euskal Herriko hiriburuetan: Kalaportu.

Martxoaren 23an Baionako antzokian ikusgai izanen da ikusgarri berezia, arratseko 20:30tatik goiti. Oinarrizko musika banda Gernikako Audience taldea izanen da eta Lapurdiko hiriburuan euren sormena ekarriko duten kantariak Ines Oisnaga, Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Dana kubatarra, Rafa Rueda eta Audience bera izanen dira.

Emanaldia Korrika Kulturalaren barnean iragarria da eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, Etiopikoak Festibalarekin lankidetzan aritu dira. Horren karietara, Georgiako Kimilia koruak Maddi Oihenart eta Julen Achiaryrekin batera kontzertua eskainiko du.

Baionako emanaldirako sartzeak eskuragarri dira Elkar liburu-dendan eta Baionako Turismo bulegoan, 12 eurotan.