Kazeta

Frantziar Estatuak ez ditu Hotel du Palaiseko lanak diruztatuko

Guillaume Barucq eta beste 17 hautetsi biarriztarrek Emmanuel Macroni gutun bat igorri zioten Hotel du Palaiseko lanak diruztatzen lagun zezan galdeginez. Heldu den agorrilean G7 gailurra errezibituko du hotel horrek. Estatuaren erantzuna ezezkoa izan da.

Socomixekin izenpeturiko kontratu bati esker, Biarritzeko hiriak Hotel du Palaisen jabetza du.
Socomixekin izenpeturiko kontratu bati esker, Biarritzeko hiriak Hotel du Palaisen jabetza du.

Biarritzeko Hotel du Palais arraberritzeko lanak heldu den agorrileko G7 gailurrerako bukatuak izatea da Frantziar Estatuak desio duena. Edozein gisaz, ez du lan horiek diruztatzen lagunduko. Hori da Guillaume Barucq Biarritzeko auzapezaren axuantak igorritako gutunari Emmanuel Macron frantziar presidentearen kabinete zuzendariak emandako erantzuna. Barucqek eta beste 17 hautetsik iragan urrian bidali zioten gutuna Macroni, estatuari “inbertsio horiek arintzeko laguntza” galdeginez.

Frantziar presidentearen bulegoaren arabera, “Errepublikako Presidentetzak ez du eraikina arraberritzen laguntzeko buxetik”. Gaineratu duenez, arraberritzeko deliberoa “tokikoa izan zen, G7 gailurra Biarritzen egiteko aukera aztertu aitzin”. Bere aldetik, Guillaume Barucqek oroitarazi nahi izan du 2017ko G7 gailurrerako, Siziliako Taormina kongresu jauregiak estatuaren diru-laguntzak ukan zituela.

Gogora ekarri behar da lan hauek egiteko Socomix ekonomia mistorako enpresa (SEM) 50 milioi eurotan zorpetu dela. Socomixekin izenpeturiko kontratu bati esker, Biarritzeko hiriak Hotel du Palaisen jabetza du, baina Guillaume Barucqen ustez “gure SEM baten bidez egindako inbertsio hau biziki handia da”. Hori dela eta galdegin zuten orain Frantziar Estatuak errefusatu duen diru-laguntza.