Kazeta

Pirinio Atlantikoetako Departamendua Parisko Azokan presente

Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Paueko Laborantza Ganbarak “Departamenduaren Eguna” antolatu zuten otsailaren 28an, Parisko Nazioarteko Laborantza Azokaren barnean.

Euskal Herriko koloreak Parisen.
Euskal Herriko koloreak Parisen.

Usaiaz Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbarak eta Departamenduak elkarrekin antolatu ohi duten eguna ospatu zen Parisko laborantza azokan. Ekoizleen, hazleen eta prozesatzaileen erakusmahai ezberdinak ikusteko bisita gidatuaz gain, bi instituzioetako arduradunek aukera baliatu zuten departamenduaren erakusmahaiaren presentziaren berri emateko.

Paueko Laborantza Ganbarako presidente berria den Bernard Layrek ez du zalantzarik: “azoka hau ezinbesteko babesa da, komunikazio ekarlea, erakusleiho eredugarria. Guretzat urteetan zehar biziki garrantzitsua izan da”. Bi instituzioek norabide berean joateko duten borondatea azpimarratu zuen Layrek, “jendartearen eta kontsumitzaileen nahiak asebetetzeko”.

Bere hitzetan, Parisen plantan emaniko erakusmahaiak “departamenduko ekoizleak eta produktuak sustatzeko” balio izan du eta baita irudia emateko ere. “Gure Euskal Herri eta Biarno ederrak”, erran zuen. Layrek departamenduko ekoizleek astebetean lorturiko ehundik goiti domina ere nabarmendu zituen.

Parisen egoteak Departamenduko Ganbarari aktore politiko ainitzekin biltzeko aukera eman dio. Bernard Layre harro ageri zen Frantziako Laborantza Ministroak hiru aldiz errezibitu zuelako. Krisian den laborantza sektorearen testuinguruan, ganbara horretako buruak azpimarratu zuenez, “badut inpresioa zezena adarretatik hartu duen pertsonekin bildu naizela”.

Hartza eta otsoa

Layrek Frantziako ministroarekin izandako solasa profitatu zuen “gure ibarretan eta mendietan sarraskiak eragiten dituzten hartzaren eta otso hibridoaren arazoa azaltzeko”. Otsoari dagokionez, “2019 honetan iazko urtean bizitako estresa saihestearen garrantzia azpimarratu genion”, erran zuen, gogoan hartuz azken hilabetean 250 ardi hil izan direla. Hartzaren inguruan, haatik, ministroak ez duela ikusmolde bera partekatzen aipatu zuen. Layreren iritziz, espezie gisa hartza ez dago arriskuan eta hautetsi guziekin lanean segituko dutela iragarri zuen, gai honi buruz Frantziako Gobernuaren iritzia aldatzen entseatzeko.

Laborantzaren garrantzia denen ahotan

Jean-Jacques Lasserre Kontseiluko presidentea ez zen Parisa joan, azken orduko bilkura garrantzitsu bat zuela argudiatuz. Haren ordez, hiru kontseilari mintzatu ziren: Pepela Mirande xiberotarra, Philippe Etcheverria departamenduko laborantza delegatua eta Sandrine Lafargue biarnotarra.

Pepela Mirandek artzaintzak departamenduan duen garrantzia azpimarratu zuen, “kabalen %60 Pirinio Atlantikoetan biltzen baita”. Bere hitzetan, departamenduak mendirako duen plana instituzioaren engaiamenduaren seinalea litzateke: “ditugun eski estazioekin edo ainitz mintzatzen den Larrungo gaiarekin kontentatu gintezkeen. Baina gure bazkideekin serioski aritu gara artzaintzari esker bihar mendi aberats eta bizi bat ukaiteko. Departamenduak laborantza azkar bat nahi du eta bere nahikeria da laborantza hau laguntzea”, adierazi zuen xiberotarrak.

Philippe Etcheverriak, bere aldetik departamenduak lortu dituen diru-laguntzetarako engaiamenduak nabarmendu zituen. Akitania Berriko Eskualdearekin egin akordioa gogora ekarriz, delegatuak segurtatu zuen departamenduak osasun-laguntza plantan eman duela, “abantzu milioi bat eurorekin”. Gazte laborari bakoitzeko bataz besteko 6.000 euroko laguntza ere oroitu zuen. Bere hitzetan, instituzio horrek oro har 4 milioi euro esleituko lituzke laborantzara, horietarik erdia ibilmolderako eta beste erdia inbestimendurako.

Azkenik, Sandrine Lafaguek ostalaritzako buruek egiten duten lan handiari egin zion erreferentzia, tresnak sortu baitituzte “hurbileko zirkuitu laburrak sustatzeko”. 2017an bi milioi euroko irabaziak izan ziren, auzapezekin batera egindako lankidetzan eskoletako jangeletan hurbileko zirkuituak sustatzearen ondorioz. Honi esker laborariek bide berriak atzeman dituztela dio. Zehazki, eskola bakoitzari tokiko ekoizleen zerrenda bat proposatzen zaio eta sukaldariei formazioa eskaintzen zaie, lanbide bat sortuz. Irabazi ekonomikoak, tokian finkatzea eta lurralde sinergiak: hau litzateke arrakastarako errezeta.