Kazeta
Entrevista
Beñat Molimos
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakaria

“Transhumantziari loturiko eremuetan, lurren erretzea beharrezkoa da”

Beñat Molimos Oztibarreko Bunuze herriko laboraria eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakaria da. Mendiko suteei buruz MEDIABASKek egindako galderak erantzun ditu. Eztabaida eta kritika ainitz sortzen dituen praktikan hau, bere familian belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da.

Beñat Molimos eta Francis Poineau EHLGko lehendakariak izendatu zituzten 2015ean.
Beñat Molimos eta Francis Poineau EHLGko lehendakariak izendatu zituzten 2015ean.

Zein da lurrak erretzeko laborariek duten interesa?

Lehen interesa artzaintza eremuen mantenua da. Euskal Herriko barnealdeko mendietan transhumantzia praktikatzen dugu eta suteak animalien errefusak erretzeko egiten dira. Hau da, kabalek bazkatu gabe utzi duten guzia. Ondoko urtean animaliek belar berria ukaiten ahal dute. Praktika honek lursailak mantentzea permititzen digu. Lurrak erreko ez bagenitu, landaretza emendatuko litzateke eta animalien pasabidea trabatuko luke. Abandonatuko balitz, landaretzak lurra inbadituko luke eta suteren bat izatekotan, sua kontrolaezina litzateke.

Zure ustez, lurrak erretzeak ingurumenean eta bioaniztasunean ondorio kaltegarriak eragiten ditu?

Lur erretzea egiten den moldearen arabera dependitzen du. Euskal Herrian bi errealitate daude. Barnealdean, animalientzat balioztaturiko lurrak ditugu. Berez, landaretza ez da hainbestekoa eta bioaniztasunean duen eragina ttipia da. Alta, beste leku batzuetan, eta bereziki Bidarraitik kostalderako eremuetan, animalientzat geroz eta lur gutiago dago. Ondorioz, landaretza ugariagoa da eta lurrak erretzearen eraginak ingurumenerako kaltegarriagoak izaten ahal dira. Zuhaitz gazteen kimuak erreak izan daitezke.

Frantziar Estatuan erretze praktikak zorrozki arautuak daude?

Bai, noski. Arautuak dira eta partikularki, departamenduan, 2000. urtean Ezterenzubiko gainetako istripua izan zenetik. Herrietan lur erretzerako tokiko batzordeak plantan ezarri ziren. Izan laborari edo pribatu, lur jabe guziak bertan biltzen dira eta erre beharreko lur eremuak erabakitzen dituzte. Lursail lanjerosei edo zaintza zorrotzagoa behar dutenei, arreta bereziagoa jartzen zaie. Batzuetan, bilkura hauetan eta laborariekin batera lurren erretzean Oihanetako Bulego Nazionalaren (ONF) zerbitzuek parte hartzen dute. Xedea da oihanak ahal bezainbeste babestea. Ahalik eta neurri gehien hartzea da kontua. Tokiko batzorde hauetan lan handia ari da egiten eta hau, guzia ongi atera dadin zinez beharrezkoa dela iruditzen zait.

Arauak errespetatzen ez badira, isunak izaten dira?

Bai, guzia kontrolatua da. Sua piztu behar dugun aldi oroz, beharrezkoa da baimen bat ukaitea. Gainera, suhiltzaileen brigada, jendarmeria eta Herriko Etxea jakinaren gainean ezarri behar dira. Guzia zaindua da eta koadro honetatik ateratzen direnek isunak jaso ditzakete.

Zein da jarraitzen den prozedura? Zeintzuk dira halako lanetarako bete behar diren baldintzak?

Gutienez lau pertsona izatea behar da. Sua goizaren azken orenetan pizten da, ihintza idortu eta aro ona delarik. Lur erretzeak hormatzeen ondotik eta landaretza errea den bitartean egiten dira. Otsaila da garairik egokiena. Animaliek belar ona ukan dezaten, beharrezkoa da landaretzak hazteko denbora ukaitea.

Haize azkarrekin lurrak erretzea saihesten dugu. Haizea aliatu ona izaten ahal da, sua pusatzen laguntzen baitu. Alta, sobera azkarra denean, biziki lanjerosa izaten ahal da eta sua ez kontrolatzea gerta daiteke.

Aurten ere gehiegikeriak izan dira. Ortzaizen 25 hektarea erre ziren eta Sara abantzu 200. Laborarien formazio ezaren ondorio bat al da?

Artzaintzarako suteak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira. Gure buraso eta aitatxi-amatxiek sua pizterakoan nehoiz ez zuten mendi guzia erre izan. Lur sailen aldizkatze bat egiten zen eta eremu berdina bi urtez jarraian erretzea saihesten zen. Mendi guzia erretzea bezala. Trebetasun hau jarraitzen entseatzen gara. Eremu berdinera bi-hiru urterik behin itzultzen gara. Iazko aro baldintzen ondorioz, 2018an ezin izan genuen erre. Aurten aroa aldekoa da eta beraz, iaz aurreikusitako hektarea gehiago erre behar izan ditugu.

Lur erretzea lanjerosa da eta horregatik kasu egin behar da egiten denarekin. Transhumantziari loturiko eremuetan praktika hau beharrezkoa da. Landaretza den beste lekuetan zalantzan sortzen da. Beharbada hobe litzateke bestelako alternatibak xerkatzea: zuhaitzen landaketa, erraterako, edo bederen lur sailen mantenu mekanikoren bat.

Egun, etxaldeetan gutiago gara eta auzoekin lankidetza lana galtzeko bidean da. Aldaketak ikusten dira, eta eboluzionatu behar dugula uste dut, antzinako ezagutza hauek berreskuratzeko. Hau da tokiko batzordeetan finkatu den xedeetako bat: elkarrekin lan egitea.

Laborantza Ganbarak edo Departamenduak antolaturiko formaziorik ba al da?

Hori ideia bat izaten ahal da. Ez dut uste gisako formaziorik dagoenik. Heldu berri batentzat tokiko batzorde batean sartzea eta laborariei laguntzea egokiena litzatekeela uste dut.

Airearen kalitatea dela eta, prefeturak asteburu osoan lurrak erretzea debekatu du. Praktika hau biztanleentzat arazo bat dela uste duzu?

Nik dakidala ez da gisa horretako azterketarik egin. Ez dakigu lur erretzearen ondorioz sortzen den keak biztanleengan dituen eraginak zein diren. Su Aski kolektiboa partikula finez mintzatzen da, baina ez da deus frogaturik. Zifra batzuen arabera, Frantziar Estatuan laborantza sektoreak jaurtitako partikula finak %8 dira. Hauetarik, lur erretzearen eraginez %3 lirateke. Egia da erretzea epe labur batean praktikatzen dela, hilabete eta hilabete eta erdi artean, non keak dimentsio garrantzitsua har dezakeen. Baina urte osoari begiratuz gero, ez da kutsadura azkarra eragiten.

Supazterreko edo autoetako keak partikula finen sortzaile azkarragoak direla dirudi. Debekua eskatzeko lur erretzeak sortzen duen kutsadura argudio gisa hartzea zerratua eta aski erradikala iruditzen zait.