Kazeta

Michèle Alliot-Marie akusaziopean ezarri du justiziak

Michèle Alliot-Marie eurodiputatua akusaziopean ezarri dute, Donibane Lohizuneko auzapezordea zelarik, kargua bere interesarako erabili izanagatik. Leporatzen dizkioten karguek zerikusia dute Donibane Lohizuneko elkarte baten finantzamenduarekin.

 Michèle Alliot-Marie. © Gaizka Iroz
Michèle Alliot-Marie. © Gaizka Iroz

Donibane Lohizuneko elkarte baten diru mugimendu "susmagarriak" mahaigaineratu ondotik, Michèle Alliot-Marie akusaziopean ezartzea erabaki du justiziak, AFP berri agentziak jakinarazi duenez. Rémi Lorrain eta Christophe Ingrain abokatuek justiziaren erabakiaren kontra dei eginen dutela azaldu dute. Beren erranetan, "Michele Alliot-Marie ez den beste pertsona batek egindako makurkeria" bat izango litzateke.

Inkesta 2013an abiatu zuten, Tracfin Ekonomia eta Finantza Ministerioaren antolakundeak seinalamendua eman eta. Garaian, Bernard Marie, Michèle Alliot-Marieren aita, Gazte errealizadoreen festibala antolatzeko ardura zuten elkarteen burua zen.

Txostenetik hurbil dagoen iturri baten arabera, elkarte horientzako diru laguntza baten bozketan presente egon izana leporatzen diote Alliot-Marieri. Diru laguntza hori 2009ko abendutik 2013ko abendura bideratutako 25.000 eurokoa litzateke, hain zuzen.

Oroitarazi behar da Michèle Alliot-Marie Donibane Lohizuneko auzapeza izan zela 1995tik 2002ra. Ondotik, bere lekua utzi zion Peyuco Duharti eta auzapezordea bilakatu zen 2014ra arte.