Kazeta

Joseba Aurkenerenak “Euskal Herria beti” aurkeztuko du Baionan

Euskal Herriko historia eta euskaltzaletasuna batzen dituen liburua iragan urtearen bukaeran argitaratu zuen Joseba Aurkenerenak. Martxoaren 1ean, ostiralarekin, Baionako Epaiska elkartean egilearen eskutik liburuaren nondik norakoak ezagutzeko parada izanen da.

Joseba Aurkenerena idazlea iruditan. ©Isabelle Miquelestorena
Joseba Aurkenerena idazlea iruditan. ©Isabelle Miquelestorena

Euskara, euskaldunak eta Euskal Herria gaitzat dituen narrazio liburua da Joseba Aurkenerenaren “Euskal Herria beti”. Heldu den martxoaren 1ean idazleak berak Baionako Epaiska elkartean aurkeztuko du, arratsaldeko 19:00etatik goiti.

Euskal Herriko luze-zabalean ikusitakoak eta ikerturikoak jasotzen dira obra honetan nagusiki, hainbat ataletan banaturik: kultura eta historiari buruz lehena, euskal diaspora bigarrena, euskal mito eta mitologiaren ingurukoa hurrengoa, bidaiak ondotik, eta bukatzeko euskara.

Iragan abenduan Naiz atariari egindako adierazpenetan, Aurkenerena liburuaren xedeaz garbi mintzatu zen: “Nik uste dut Euskal Herria biharko egunean aske eta euskalduna izan dadin, gaurko euskaldunok egin behar duguna dela arlo guzietan lantzea, gure seme-alabek eta ondorengoek ukan dezaten guk ukan ez duguna”.

Kazeta.eus atariaren sorreratik kolaboratzailea den idazlearen erranetan “Euskal Herria beti” liburuak “hari eroale bat du, dena elkartzen duena, eta hori Euskal Herria da. Atzo izan da, bada gaur, bihar ere bada, eta beti ere izanen delakoan nago; hortik datorkio izena liburuari”.