Kazeta

Interes orokorra eta partikularra buruz buruka Mugerren

Mugerreko Portu auzoan ez ulertzeak nagusitzen ari dira. Euskal Elkargoaren proiektu batek lurren erosketa eskatzen du eta hunkituak diren auzotar guziak ez dira proposatzen dizkieten baldintzekin ados.

Ikea dendaren inguruan lur erreserbak egiteko xedea du Euskal Elkargoak.
Ikea dendaren inguruan lur erreserbak egiteko xedea du Euskal Elkargoak.

Tokiko Lur Funtsen Erakunde Publikoak (EPFL), abenduaren 6ko data duen gutuna igorri die Mugerreko Portu auzoko herritarrei. Bertan “geroari begirako proiektuak gauzatzeko beharrezko lurrak eskuratuko direla” adierazten du, horretarako negoziazioak hasiko direla gaineratuz. Euskal Elkargoak soilik eremu ekonomikorako den Ametzondo gunean lur horiek aldatzea erabaki du.

2015ean garapenerako eremu diferitua (ZAD) sortu zen. Auzo guzia estaltzen du, hots, sei etxe, bi enpresa, biltegiratze eremuak eta aparkalekurako guneak. ZAD-ak erosteko lehentasuna ematen du: perimetro honetan egin beharreko salmenta guziak kolektibitateari jakinarazi behar zaizkio, bera izanik erosketa egiteko lehentasuna lukeena. Lur honen jabetza segurtaturik, Euskal Elkargoak lurraldearen garapenari erantzuna emateko eremu hau berregokitu nahi du.

Roland Hirigoyen Mugerreko auzapezak MEDIABASKi azaldu dionez, ZAD eremua IKEAren eraikuntzarekin batera sortu zen eta Euskal Kosta-Aturri elkargoa izandakoak lur horren espekulazioa saihestu nahi zuen. 2017an Euskal Elkargoak proiektua bere gain hartu zuen eta Aturriko bidegurutze handira hedatu zuen. Eremu hau ainitzez handiagoa da eta bere baitan Baiona, Mugerre, Hiriburu eta Lehuntze hartzen ditu.

Zernahi egiteko prest

Eremu horretan den etxe bateko jabea modu anonimoan mintzatu da, asaldaturik eta haserre: “Erosteko lehentasunak ez du arazorik sortzen ez bainaiz saltzaile bat. Ez genuen etxea erosi ondotik saltzeko”. Bere jabetza mantentzeko zernahi egiteko prest dela erran du, baita justiziara jo behar badu ere. Gutuna jaso ondotik, EPFLrekin harremanetan ezarri zen eta lasaitu beharrean kontrakoa gertatu zitzaion: “Lur eremuaren bokazioa komertziala dela eta guri gustatu edo ez, etxea saldu beharko dugula erran zidaten”.

Afera honetan auzotarren solaskidea Jean-Marie Faut da. MEDIABASKi honakoa adierazi dio: “Gutun honen xedea negoziazioetarako auzokideekin biltzea da, elkarrekin haien lurrak eskuratzeko baldintzei buruz mintzatzeko”. EPFLk lur eremu guzia erosi nahi du, ondotik Elkargoari birsaltzeko. “Guk saldu beharko dutela jabe daitezen nahi dugu. Saltzen duten bitartean EPFL beste zerbait aurkitu eta lasai mugitzeko tresna bat izaten ahal da”, azaldu du, gerora begirako negoziazioen izaera “garden eta lasaia” oroitaraziz.

Alta, auzotarrak Fautek errandakoak ez ditu horrela bizi: “Iragarri didatenez, auzoko etxeak eta enpresak erositakoan eta ni bakarra izatean, desjabetuko naute”. J-M Fautentzat berriz, desjabetzea azken aukera litzateke. Bere arabera, EPFLek Euskal Herrian egiten dituen erosketen %90 onez onean izaten dira. “Jabeak ez dira eroak, ikusten baitute beren ingurua aldatzen ari dela eta kolektibitatearen interesa ulerturik, saldu egiten dute”, berretsi du.

Ez da epe laburrean eginen

Liskar honen erdian den proiektua ez da zehaztua. “Elkargoak lurrari, urari eta mugikortasunari loturiko arazoei erantzuteko eremuaren geroa aztertu nahi du”, erran du Mugerreko auzapezak. Eskala handiko azterketa bat abian dela eta proiektua ez dela epe laburrean eginen erantsi du.  Hirigoyenek erosketak abian direla dion bitartean, EPFLk ez du neholako erosketarik egin.

Euskal Herriaren gisako herrialde batean, non lur jabetzak aski mugatuak diren, espazioaren planifikazioari loturiko gatazkek erantzun zaileko galderak sortzen dituzte. Interes orokorra interes partikularraren aitzinetik egon behar duela onarturik ere, ezinbestekoa da interes orokorreko prozesu hori printzipio demokratikoetan eta gardentasun handienarekin bideratzea. Mugerreko Portu auzoko kasuak horren eredu izan behar luke.