Haritz LARRAÑAGA

Baionan etorkinei egiten dieten harrera goraipatua The New York Timesen

The New York Times egunkari ospetsuak Baionan etorkinen alde plantan eman duten harrerari buruzko erreportajea argitaratu du.

Diakite elkartea Baionako Pausa aterpearen kudeaketaz arduratzen da. © Bob EDME
Diakite elkartea Baionako Pausa aterpearen kudeaketaz arduratzen da. © Bob EDME

"Pariseko Gobernuak ez du onesten, baina auzapezari ez zaio axola, Espainiatik Frantziara muga gurutzatzen duten afrikarrei aterpetzen jarraituko duela esaten du". Horrela hasten da The New York Times hedabide ospetsuak argitaratu berri duen artikulua, Naiz atariak argitaratu duenez.

122 Pulitzer sari jaso dituen eta 9’34 milioi erosle inguru dituen AEBko hedabide garrantzitsuenak Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza, eroi moduan aurkezten du artikuluak. Italiak mugak itxi zituenetik Europarako sarbide nagusia Euskal Herrian kokatzen dela deskribatzen duen informazioa  eta Etchegerayk Baionatik iragaten diren etorkinak aterpetzeko martxan jarri zuen planaren inguruko informazioa uztartzen  ditu pasa den otsailaren 12an argitaratu zuten erreportajeak.

Migrazioen arazoak Europan duen eragina eta Macronen Gobernuak duen jarrera azaltzen dituzte Baionako aterpetxean ateratako argazkiekin lagunduta. Auzapezak duen etorkinen artean zein herritarren artean duen harrera ona ere goraipatzen dute. "Espainiako inkisiziotik ihesi zihoazen juduei babes eman zien hiriko oinordeko" gisa aurkezten dute Etchegary eta Baionako "gazteek berotasunez agurtzen" dutela dio Adam Nossiter erreportariak.

Frantziako Gobernuaren jarrera honela azaltzen dute erreportajean: "Estatu frantsesak Baionako auzapezarekiko duen jarrerak, Macronek etorkinen gaiarekiko duen anbiguotasuna azaltzen du. Batetik, Frantziaren tradizio humanitarioa goraipatzen du eta poliziari etorkinei tratu justua emateko deia luzatu die. Bestalde ordea, bere gobernuak etorkinak garraiatzen dituzten ontzien kontra egin du, etorkinen eskubideen alde lan egiten dituztenak epaitegietara eraman ditu eta kanporatu duten etorkin kopurua handia harrotasunez aurkeztu du".

"Gobernuaren nahiaren kontra, auzapez frantsesak aterpea eskaintzen die etorkinei" dio artikuluaren izenburuak, eta artikuluko protagonista den Baionako auzapezaren hitzekin amaitzen da erreportajea: "Estatuak ez du ezer jakin nahi, baina arazoa hor da eta nik ezin dut beste aldera begiratu, emergentziazko egoera bati aurre egitera behartua nintzen".