Iurre BIDEGAIN

Lizeoa antzoki bilakatua

Antzerkigintza emeki-emeki bere tokia egiten ari da Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Iaz Manex eta Ximun Fuchsen “Zazpi senideko” obra errezibitu eta, aurten “Hozkailua” antzezlanaren emanaldiak eskaini dizkiete gazteei. Aste honetan, antzeko egitasmo bat aitzina eramaten ari dira Axut!, Dejabu Panpin Laborategia eta Artedrama Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan.

Bigarren urtez, Bernat Etxepareko lizeoak ateak ideki dizkio antzezlan bati. Fuchs anaien "Zazpi senideko" errezibitu ondotik, iragan astean Huts Teatroa konpainiaren "Hozkailua" obraren oholtza bilakatu zen ikastetxea. Egitasmo honen bidez, hezkuntzaren baitan lekua egin nahi diote antzerkigintzari.

Hiru egunez, Ander Lipus eta Patricia Urrutia Huts Teatroa konpainiako aktoreak Baionako Bernat Etxepare lizeoan egon dira. Bertako barnetegian lo egin eta hango ikasleekin jan dute. Han bizi izan dira, hain zuzen. Manex Fuchsek zuzendutako "Hozkailua" antzezlanaren emanaldiak eskaini dizkiete Seaskako ikasleei, baita Villapia eta Cassin lizeo elebidunetakoei ere. "Haien errealitatea ezagutu dugu. Elkartrukatze bat izan da. Horren bidez erakutsi dugu antzerkia ez dela bakarrik produktu bat, baizik eta zerbait gehiago non bizia konpartitzen den", nabarmendu du Ander Lipusek.

Arantxa Irigoyen euskara irakaslearen aburuz, maiz antzerkigintza eta hezkuntza bera "bi mundu" bezala ikusten dira. Lizeoak egitasmo honen bidez, muga hori hautsi eta ikusgarritasuna eman nahi die euskaraz eskaintzen diren obrei. Horrez gain, ikasleen eta antzerkigintzaren arteko harremana sustatu eta antzezlanak ezagutzeko parada eskaini nahi die.

Hautu bat baxoan

Bultzatzaileen aburuz, horrelako egitasmorik gabe, agian ikasleek ez lukete nehoiz "Hozkailua" bezalako obra bat ezagutuko. Gainera, Bernat Etxepare lizeoan eskaintzeak abantaila handi bat duela dio aktoreak. Hots, Seaskako lizeoak Ipar Euskal Herri osotik etorritako ikasleak biltzen ditu eta haien parean antzezteak zabalpen bat ekartzen du. Euskal komunitatearengana iristeko parada eskaintzen du. Lipusek dioen bezala: "Herria ez badator antzokira, gu joango gara herriarengana".

Gisa berean, aste honetan Axut!, Dejabu Panpin Laborategia eta Artedrama elkarrekin prestatzen ari diren "Zaldi urdina" antzezlana ekarri dute Ziburuko Piarres Larzabal kolegiora. Drogek Euskal Herrian izan duten eraginaren gaia jorratzen duen obraren errepikak partekatuko dituzte ikasleekin. Halaber, beren sorkuntza prozesuak, zalantzak eta gogoetak konpartituko dituzte.

Arantxa Irigoyen irakasleak azaldu duenez, urrats bat gehiago eman eta antzerkia baxoan hautu gisa sartu nahiko lukete. Hausnartzen ari direla azaldu du, baina, prozesua "ez da hain erraza". Bitartean, euskal kulturaren aldeko engaiamenduak gidatuta, lizeotik kanpo, adibidez, bakantzen garaian, antzerki ikastaldi laburrak antolatzeko proiektua ere abian dela erran du. Egitasmo horren bidez, antzerki bat ikusiz edo eskainiz euskaraz ere gozatu daitekeela frogatu nahi diete gazteei.