Kazeta

Adin ttipiko migranteentzat laguntza, gainezka

Bakarrik diren adin ttipiko migranteen laguntzaz Pirinio Atlantikoetako Departamendua arduratzen da. Gazte hauen etorrera handia izaten ari den heinean, ezarri diren dispositibo bereziak gainezka egiten ari dira.

Annick Trounday Idiart departamenduko kontseilaria (erdian), besteak beste, SEAPB elkartearekin ari da lanean adin ttipiko etorkinen harrerarako. © Bob EDME
Annick Trounday Idiart departamenduko kontseilaria (erdian), besteak beste, SEAPB elkartearekin ari da lanean adin ttipiko etorkinen harrerarako. © Bob EDME

Beren herrialdeetatik ihes egiten duten pertsonetako ainitz Euskal Herriko errepideetan barna dabiltza eta ez dira guti Baionatik iragaten direnak. Gehientsuenak Afrika beltzetik jinak dira. Iraganbidea egiten ari den populazio honen baitan lagundu gabeko adin ttipikoek Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren arreta berezia jasotzen badute ere, dispositibo hau trabatzen ari dela jakinarazi dute.

Haien adina aztertzeko epeak luzatzen dira, aterpetzeko tokiak murrizten... Annick Trounday Idiart haurraz, familiaz, prebentzioaz eta osasunaz arduratzen den Departamenduko kontseilariak gainezka dabiltzala onartu du: “Orain arte guziak aterpetzea lortu dugu, baina fite gainezka egonen gara”. Lagunduta ez diren adin ttipikoen egoeraz Departamenduko Kontseilua arduratzen da, zehazki Haurrarentzat Laguntza Soziala (ASE) izeneko egituraren bidez.

Gazte horien adina jakiteko denbora aldakorra izan daiteke, baina Euskal Herrian haurren zaintzaz arduratzen den elkarteak (SEAPB) emandako kopuruen arabera, bostetik hamabost egunera iragan da. Baionako Pausa gunean behin-behinean aterpetzeaz arduratzen diren elkarteen iduriz, haatik, epe horiek bi hilabetekoak dira. Haiek Frantziar Estatuan familiarik ez duten eta galdurik diren gazteak SEAPBen gisako beste elkarte batetara eramaten dituzte, Biarnon kokaturik den OGFAra, hain zuzen.

Azterketa horiek Euskal Herrian egin ahal izateko eta Paueko egoera trabatua arintzeko, Isard Cos entitate ebaluatzaileko taldeak bitan zatituko dira. Sei hezitzaile berri gehiago hartuko dituzte. Egun Pausan direnen arteko %50 lagundu gabeko adin ttipiko gazteak dira. Azarotik honat, Cimade elkarteak hauetako 180 ASE egiturara bideratu ditu.

Euskal Herrian 50 leku berri

Azken hilabeteetan kopurua biderkatu denez, ezinbestez baliabide berriak ezarri beharko dira. Egun, Pirinio Atlantikoetan 400 dira gazte hauentzat egokituriko tokiak. Joan den urteko agorrilean departamenduak 20 toki gehigarri sortu zituen eta beste batzuk fite ezarriko ditu. Egoerari erantzuna emateko eta egokitu ahal izateko gaitasuna dira zerbitzu sozialek haien funtzioa betetzeko oinarrizko ezaugarriak. Usu egun osoak ematen dituzte urgentziazko lekuak topatzeko.

Zailtasun horiek gainditzera begira, Euskal Elkargoarekin batera, Atherbea eta Diakite elkarteek aterpea eskaintzeko aterabideak aztertu dituzte. Baiona eta inguruetarako 50 leku berri aurreikusi dituzte. Guzia koordinatzeko Euskal Elkargoak eta Departamenduak berehala bilkurak egin beharko lituzkete.

Maite Etcheverry Diakite elkarteko presidentearen arabera, toki hauek adina ebaluatzen zaien bitartean gazteak urgentziaz aterpetzeko lehen harrera gune bat dira. Pausan beheititze bat sumatu zuten: astero hamar gazte ebaluatzetik, bi astetan bi pertsona izatera iragan dira. “Aldaketa honek Pariseko eskualdean edo Lillen arreta eskaintzeko izan daitezkeen oztopoez ohartarazten gaitu”, dio Etcheverryk. Orain arteko araua argia izan da. Lagundu gabeko adin ttipikoak haien adina ebaluatu arte sistematikoki babestuak dira. “Hori ez da departamendu guzietan gertatzen”, nabarmendu du Annick Trounday Idiartek.

Ebaluazioa, ezinbesteko etapa

Migrante gazteetako hainbat Euskal Herriko Etorkinekin sareko familiek aterpetzen dituzte, haien herritik igorritako dokumentu ofizialak errezebitu bitartean. Egun berrogei bat dira. Ebaluazioa gehien bat bakoitzaren kontakizunean oinarritzen da, baina usu galduak dira, traumatizaturik eta beti ez dituzte egin duten bidaiaren nondik norakoak menperatzen. “Gazte hauek bortizkeria ekintza ainitz jasan behar izan dituzte eta beraiek adingabetasunaz dituzten erreferentzia kulturalak ez dira guk ditugun berdinak”, adierazi du Maite Etcheverryk. Baldintza zail hauetan, dokumentu ofizialak ASEren laguntza izateko froga izan daitezke.

Adina jakitea funtsezkoa da, paperen erregularizaziorako, erraterako. 16 eta 18 urteen artekoek haien formazio eta proiektu profesionalen araberako egonaldi baimena lortzen dute. Esleitze hori 16 urtekoentzat sistematikoa da. 15 urte pekoek berriz, behin helduak direnean frantziar herritartasuna ukaiteko eskubidea dute. “Harrera egiten diegun eta haien adin muga kritikoa duten gazteengatik kezkatuak gara. Frantziar lurraldea utzi behar izateko arriskua handia da”, dio Hélène Ducarre Cimade elkarteko presidenteak.

Egoera konplexu horrek migrante batzuk adin ttipiko gisa agertzera bultzatzen ditu. Jerome Valere SEAPB elkarteko kidearen iritziz, eskubiderik gabe laguntza jasotzeaz gain, bortizkeria jasan duten pertsona hauek 8-9 urteko haurrekin nahastea lanjerosa litzateke. “Segurtasun lan bat egin behar dugu, haur hauei ezin baitiegu herstura gehiagorik eragin”, dio Valerek.

Ase-ren laguntza ukateak bizitegi kolektibo edo apartamenduetan aterpetzea ahalbidetzen die, betiere bakarrik bizitzeko duten ahalmenaren arabera. Ipar Euskal Herrian izaera sozialeko zortzi haur etxe daude. Haatik, aterpea ez da aski izaten, haur horiek hezitzaile talde bat ere behar baitute ondoan.

Buxeta emendatzen

Hamazortzi urtetik goiti, egoera batzuetan, gazteek laguntzak mantentzen ahal dituzte. Departamenduak gazte heldu kontratu bat izenpetzeko parada ematen die. Gisa horretan gazte hauei 21 urtera arte haien formazioa bukatzeko denbora ematen die. Hori ez da departamendu guzietan gertatzen, baina hemen 52 gazte daude egoera horretan.

Udaz geroztik migranteen kopuruak gora egin ahala, Pirinio Atlantikoetan lagundu gabeko adin ttipikoei zuzendutako buxeta ere emendatu egin da. 2018an 14 milioi eurokoa izan bazen, aurten 16 milioitakoa izatera heldu daiteke. Kopuru honek gazteen aterpetzea, formazioa eta osasun segimendua kontuan hartzen ditu. Behin haien adina zehazturik, gazteak beste departamendu batera bideratuak izan daitezke, gisa horretan ahalegin finantzarioak ere partekatzen direlarik.

Trounday Idiart kontseilari departamentalaren hitzetan, “Frantziar Gobernuak ebaluazioa egiteko bost egunetik 25erako finantziazioa hedatu zuen. 2019an Estatuaren diru laguntzak emendatuko dira. Ongi da, baina ez da aski”, dio.