Kazeta

Kataluniako independentisten kontrako auzia hastear

Hamabi dira otsailaren 12tik goiti Madrileko Auzitegi Gorenaren aitzinean auzipetuko dituzten Kataluniako politikariak eta erakunde zibiletako kideak. Horietako bederatzi preso dituzte eta joan den ostiralean Madrilera eramanak izan ziren.

Gure Esku Dago dinamikak elkartasuna helarazi die Auzitegi Gorenean auzipetuko dituzten Kataluniako politikariei.  (GURE ESKU DAGO)
Gure Esku Dago dinamikak elkartasuna helarazi die Auzitegi Gorenean auzipetuko dituzten Kataluniako politikariei. (GURE ESKU DAGO)

2017ko urriaren 1ean erabakitzeko eskubidearen inguruko erreferendum bat antolatzea eta ondotik, hilabete bereko 27an aldebakarreko independentzia aldarrikatzea da Kataluniako hamabi politikariri eta gizarte zibileko kideri egozten zaien delitua. Errebolta eta diru publikoaren desbideratzea leporatzen zaie eta prokuradoreak zazpi eta 25 urte arteko zigorrak galdegingo ditu.

Historikoa den eta arreta mediatiko handia piztu duen epaiketa otsailaren 12an asteartearekin hasiko da Espainiako Auzitegi Gorenean eta hiru hilabetetik goiti luzatzea aurreikusten da. Apirilaren azkenetan edo maiatzaren hastapenean bukatuko litzateke eta epaia bizpahiru hilabetera jakinaraziko da.

Independentistek “fartsatzat” jo dute auzia. Quim Torra Kataluniako presidentearen erranetan, “katalanen adierazpen eta borondate demokratikoa akabatzeko pentsaturiko estrategia baten aitzinean gara”. Izan ere, independentziaren aldekoek haien mugimendua baketsua dela nabarmendu dute. Prozesuaren izaera demokratikoa aldarrikatzen dute eta auzipetuetarik bederatzi hamabi hilabete baino gehiago behin-behinean preso izatea salatu dute.

Gorte goreneko presidente den Carlos Lesmes da egun gutitan auzia gidatuko duen epailea. Prentsan elkarrizketa ainitz eman ditu eta haietako batean adierazi zuenez “demokrazian ezagutu dugun auzi garrantzitsuena da hau, espainiar justiziaren kalitatea frogatzeko aukera bat”. Paradoxikoki, “kasua epaituko duten zazpi epaileen artean animaleko aniztasun ideologikoa dagoela” azpimarratu zuen.

Mobilizazioak eta greba deialdia

Kataluniako alderdi politiko eta gizarte eragileek otsailaren 12 eta 16rako manifestazioak antolatu dituzte. Autodeterminazioa ez dela delitua aldarrikatzeko eta independentisten kontrako epaiketa salatzeko Bartzelonan eta Kataluniako hiri nagusietan elkartuko dira. Martxoaren 16an berriz, Madrilen mobilizatzeko deialdia egin dute. Gisa berean, otsailaren 12ko eguerditan hamar minutuko geldialdia eta 21ean greba deitu ditu CSC intersindikalak.

Gehiengo politikoa osatzen duten JxCat, Crida, PdeCAT, ERC, CUP eta Catalunya en Comú alderdiek eta ANC eta Omnium Cultural gizarte zibileko erakundeek mobilizazioekin eta greba deialdiarekin bat egin dute. “Hemen pertsona batzuk epaitzen dira, baina epaiketa honen ondorioak jendarte osoak pairatuko ditu”, erran zuten joan den astean egindako agerraldi publikoan. Karrikara ateratzeko eskaera egin zuten, honakoa aldarrikatuz: “erreferendum bat antolatzea ez da delitua, bozkatzea ez da delitua, erabakitzea ez da delitua, mobilizatzea ez da delitua”.

Mobilizazio hauekin guziekin batera, ANC erakundeak munduan barna ere deialdiak egin ditu. Europako hamar herrialdetako 25 hiritan eta Estatu Batuetako Washington hiriburuan eginen dira elkarretaratze horiek.

ANCk "Make a move" lelopean abiatutako kanpainaren bideoa:



Euskal Herrian otsailaren 12an eta 17an

Euskal Herrian ere epaiketa salatzeko eta auzipeturikoei elkartasuna adierazteko protesta deialdiak egin dira. Gure Esku Dago herri ekimenak otsailaren 12an epaiketa hastearekin batera elkarretaratzeak eginen ditu Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

Otsailaren 17an berriz, igandearekin, Donostian manifestaziorako deia luzatu du,“Konponbidea, demokrazia eta askatasuna” lemapean. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Gros auzoan den Katalunia plazatik. Herritarrei karrikara ateratzeko eskatu diete, “herritar guzien eskubideak baitaude jokoan”. Ekimenaren ordezkaritza bat epaiketan izanen dela ere iragarri dute, “injustizia hau salatu eta preso politikoei babesa adierazteko”.

Espainiar estatuan urak nahasita

Bitartean, Espainiako gobernuak Kataluniako gobernuarekin batera elkarrizketa prozesu bat abian jartzeko proposamena egin zuen. Horren arabera, otsaila bukatu aitzin alderdien mahai bat eratuko litzateke, haietako bakoitzeko bina ordezkarirekin. Estatu eta Katalunia mailako erabaki ahalmena luke eta errelatore batek lagunduko luke, elkarrizketarako “baldintza egokiak” sortzeko.

Independentistek elkarrizketa horietarako autodeterminaziorako erreferenduma jarri zuten mahai gainean eta Espainiar gobernuak halakorik “nehoiz” ez duela onartuko adierazi zuen. Ondorioz, indar katalanek ez dute proposamena ontzat eman. Horren aitzinean, Espainiar gobernuko bozeramaileak “elkarrizketa eta legea” aldarrikatu zituen eta “Espainiako marko konstituzionala” hautsiko duen ezer ez dutela onartuko berretsi zuen, autodeterminazioari erreferentzia eginez.

Espainiar estatuko eskuineko indarrek egoera berehala baliatu zuten Sanchezen gobernuaren kontrako ildoa indartzeko, hauteskundeak eskatzeko eta Espainiaren batasunaren defentsa egiteko. “Traiziotzat” jo zuten gobernuaren proposamena, nahiz eta honek autodeterminazio eskubidea errefusatu.

PP eta Ciudadanos alderdiek otsailaren 10ean Madrilen elkarretaratzea antolatu zuten eta Vox, UPN, Falange Española, Hogar Social eta España 2000 bezalako erakundeen babesa jaso zuen. Manuel Valls Frantziar Ministro izandakoa eta Bartzelonarako auzapez izateko hautagaia ere han izan zen. Poliziaren zifren arabera 45.000 pertsona bildu ziren. Espainiako banderen artean, legez kanpoko ikur frankistak ere ikusi ziren. Eskuinak gobernu sozialistaren kontrako presioa emendatu du, nahiz eta mobilizazio horretan espero zutena baino jende kopuru apalagoa bildu.