Kazeta

Donibane-Ziburuko ihauteriak ate joka

Euskal Herriko hainbat herritan jadaneko ihauteriak hasiak dira eta Lapurdiko kostaldera ere laster heldu dira. Ildo horretan, Donibane-Ziburuko Ihauteriak elkarteak ondoko egunetarako egitarau zabala prestatu du.

Iaz jokoa baldin bazen, artea da aurtengo ihauterien gaia.
Iaz jokoa baldin bazen, artea da aurtengo ihauterien gaia.

Heldu den otsailaren 16a Donibane Lohizuneko eta Ziburuko ihauterien egun nagusia ospatuko da. Ziburuko plazatik arratsaldeko 16:00etan abiatuko da ziganteek, karroek eta joaldunek idekitako desfilea, dantzan eta kantuan bi herrietako karrikak zeharkatzeko. Desfileari bukaera Donibane Lohizuneko plazan emanen zaio, ohikoa den bezala, bertan zanpantzar auzipetu eta erreko dutelarik.  Ondotik herri afaria eginen da Sardina erretegian.

Usaian bezala, lehenago beste ekitaldi batzuk izanen dira. Ihauteriei hastapena emateko, otsailaren 9an Hartzaren Eguna iraganen da Donibane Lohizuneko merkatuan, plazan eta oro har karriketan. Ondoko egunetan hainbat tailer, ihauteri lasterketa edota Korrikaren moda desfilea eginen dira. Otsailaren 15ean berriz, arratseko 20:00etatik goiti urteroko Sorgin Gaua ospatuko dute Ziburuko plazan. Gasna Txarangak eta Doctor Mephisto taldeak girotuko dute gau berezi hori.