Kazeta

Hitzaldi sorta Donapaleun otsailean zehar

Euskalgintzaren hainbat talde biltzen dituen Amikuzeko Zabalik elkarteak “Otsail ostegunak” izeneko hitzaldi zikloa antolatu du. 1997tik antolatzen den ekitaldian lau hitzaldi izanen dira.

Azaroaren 19an Txalaparta eta Gatuzain argitaletxeen eskutik aurkeztu zen Iñaki Etxelekuren liburua. ©Isabelle Miquelestorena
Azaroaren 19an Txalaparta eta Gatuzain argitaletxeen eskutik aurkeztu zen Iñaki Etxelekuren liburua. ©Isabelle Miquelestorena

Amikuzeko ibarrean euskararen aldeko lanean diharduten taldeak ez daude geldirik. Zabalik elkartean biltzen dira eta azken 21 urteetan “Otsail ostegunak” izeneko hitzaldi zikloa antolatu izan dute. Gaiak askotarikoak dira, mementoko aktualitateari edo biziaren edozein arlori loturik. Xede nagusia jorratuko dituzten gaiak euskara hutsez lantzea da.

Aurten ere gai ezberdinez solastatzeko aukera eskainiko dute. Hitzaldiak arratseko 20:30ean hasiko dira eta otsailaren 14koa salbu, gainerateko guziak Donapaleuko Hitzargi gelan izanen dira, posta bulegoaren gibelean.

Lau hitzalditan denetariko gaiak

Otsailaren 7an Maialen Moreno Zubeldia filologoak hartuko du hitza. Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan 2009 eta 2010 urteen artean herri kontakizunen bilketa xehea egin zuen. Lan sakon hori egiteko erabili zuen metodoa eta kontakizunak aztertzeko oinarriak azalduko ditu. Irriaren adierazpenaz ere mintzatuko da Moreno, istorio horietan ageri diren irri baliabideak azalduz.

Otsailaren 14an Juan Karlos Etxegoien “Xamar” izanen da hizlari. “Orhipean” edo “Orekan” bezalako liburuak idatzi dituen garraldarra frankismoaren garai ilunetan sortu zen eta Euskal Herriko bazter ainitzetan bezala, Aezkoa ibarrean ere euskara galbidean zen. Alta, belaunaldi berriak euskara, euskal kultura eta finean euskal nortasuna berreskuratzeko lanari ekin zion. Bidaia hori hartuko du hizpide Xamarrek.

Astebete berantago, otsailaren 21ean, Ainhoa Intxaurrandietaren txanda izanen da. 2011an EH Bilduk Gipuzkoako Diputazioa eta herriko etxe ainitz gobernatzera heldu zelarik, aitzinetik zetorren erraustegia gelditzeko deliberoa hartu zuen, hondarkinen birziklapen egitasmoari lehentasuna emateko. Lau urte berantago PNVk eta PSEk boterea berreskuratu ondotik, beste erraustegi bat bultzatu zuten eta Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin auzitara eraman zituzten, aitzineko legealdian harturiko erabakiak pagarazteko. Bere mintzaldian azpi-jokoen xehetasunak azalduko ditu.     

Azkenik, hilaren 28an Iñaki Etxeleku kazetari biarriztarrak duela guti kaleratu duen “Zad, bizi dutenen ahotik” liburua aurkeztuko du. Bretainiako Notre-Dame-des-Landes eremuan denbora bat eman zuen, hango bizizaleen lekukotasunak eta iritziak biltzeko. Aireportuaren kontrako borroka batekin hasi zena, sistema kapitalistarekin kontrajarria den bizi eredu berri baten sortzeko egitasmo bilakatzen ari da. Oraino eraikuntzan bada ere, bertako jendeek bizitzen ari diren esperientzia lehen pertsonan eta libreki kontatzen dute.