Ospakizuna Baionako Zizpa gaztetxearen 3. urteurrenean

Urtarrilaren 26an, larunbatarekin ospakizuna izanen da Baionan. Zizpa gaztetxeak hiru urte bete dituela eta, gazte baionarrek hainbat ekimen antolatu dituzte hiriko karriketan eta gauean, kontzertua iraganen da gaztetxean.

Kazeta|24/01/2019 06:40|0 comentarios
Guz_zizpa_bobedme105
Bazkari herrikoia antolatu zuten Zizpako gaztetxeek iazko urtemugan. © Bob EDME

Baionako gazteak duela hamar urte baino gehiago Gazte Asanbladan biltzen hasi ziren izpiritu kritikoa landu eta praktikan emateko xedearekin. Bide horretan, badira hiru urte beren asmoak aitzinera eramateko tresna gisa Zizpa gaztetxea eskuratu zutela.

Urteurren horren ospakizun ekitaldiak urtarrilaren 26an eginen dira. Arratsaldeko 16:00etan emanen zaio hastapena egitarauari, Patxa plazan eginen den ekitaldiarekin. Gazte Asanbladak hitza hartuko du hiru urte hauek eman dutenaren berri emateko eta egiteko dituztenak plazaratzeko. Zintzur bustitzea ere izanen da eta Patxi Iriart eta Maddi Sarasua bertsulariek parte hartuko dute.

Txakatuk txarangak giroturiko plazan, herri kirolak, graf tailerra eta piñata izanen dira. Ondotik, arratsaldeko 19:00etan Baionako ostatuetan poteoa eginen dute gazteek, prestaturiko gaualdirako motorrak berotzen hasteko. 23:00etan lau talde igoko dira Zizpa gaztetxeko taulara: Ufestuek, Governors, Aldiz eta Playlist Egureee!!!.

Ibilbide oparoa gogoan

Zizpak igorritako oharrean nabarmendu duenez, urte hauek oparoak izan dira, gazteei zuzendurik denetariko ekimenak egin dituztelako. Kontzertuak, bideo emanaldiak, antzerkiak, hitzaldiak, gai ezberdinei loturiko tailerrak, merkatu alternatiboak... 

Horrekin batera, gazte asanbladarekin lankidetzan aritu diren elkarteak ere ekarri dituzte gogora, haietako ainitzek baliatu baitute lokala beren aktibitateei bide emateko. Larunbatean horiek guziak bildu nahi lituzkete, hiru urtez egindako bidea partekatu eta batez ere, bide beretik aitzina segitzeko.