Idoia ERASO
Entrevista
RAFAEL ZULAIKA
BAIONAKO EUSKAL MUSEOKO ZUZENDARI OHIA

“Euskal Museoak aldaketa behar du, harago joateko komenigarria da”

Bilboko Arte Eder Museoan, Donostiako Untzi Museoan zein San Telmo museoan aritu da lanean Rafael Zulaika. 2007an Baionako Euskal Museoko zuzendaritzarako hautatu zuten, berarentzat bereziki sortutako postuan. Zuzendaritza uztea eta Elkano Fundazioan proiektu arduraduna bilakatzea erabaki zuen iaz.

Rafael Zulaika gaur egun Elkano Fundazioan proiektu arduraduna da.
Rafael Zulaika gaur egun Elkano Fundazioan proiektu arduraduna da.

Baionako Euskal Museoko zuzendari postua Rafa Zulaikarekin batera sortu zen, ordura arte Herriko Etxeko Kultura zerbitzuak kudeatzen zuen erakustokia. Hiriaren erdialdean izanik ere, bizitza kulturaletik isolatuta zegoen gunea biziberritzeko hasi zen lanean gipuzkoarra, eta gaurko egunetik begiratuta Ipar Euskal Herriko kultura dinamikaren baitan bere tokia hartu duela erraten ahal da. Bertan hamabi urte betetzear zelarik, postua uztea deliberatu zuen, eta bere lurraldera itzuli da Elkano Fundazioaren eskutik.

Euskal Herriko hainbat museotan ibilbide oparoa egin ondoren, Baionakoan hamabi urte egin dituzu. Zer balantze egiten duzu bertan egindako lanaz eta bizi izandako esperientziaz?

Umiltasuna alde batera utzita, bilan baikorra egiten dut. Hasteko, pertsonalki, izugarri aberasgarria izan baita. Bilan orokorra egiterakoan, neure buruari begiratzen diot eta euskalduna naizen heinean, Bilboko Arte Eder Museoan hasi nintzen, sei urte eman nituen, gero Donostiako Untzi Museoan hiru urtez, gero San Telmo museoan bederatzi urte, eta handik Hegoaldea utzita, Iparraldera eta Baionako Euskal Museora.

Nork izan du horrelako aukera? Euskal Herriko lau museo ezberdinetan egon naiz, eta aniztasuna oso aberasgarria izan da: tipologia aldetik, bilduma aldetik, lantalde ezberdinekin, hizkuntzen erabileraren aldetik, euskara dela, gaztelania dela, frantsesa dela… jende gutxik izan du aukera, horregatik esker onekoa naiz.

Bereziki Baionakoei eskertzen diet, etapa hori aberats bihurtu izanagatik. Aberastasuna lanean ere atzeman dut, aurrera eraman ditudan egitasmoengatik, han izan diren elkarte, partaide, kultur eragileen ezagutzan.

Zer nabarmenduko zenuke, zure pasaian Baionako erakustokian utzi duzunari buruz?

Hartu bakarrik ez, pentsatzen dut zeozer eman egin dudala. Saiatu naiz mugaz gaindiko lan esparruan gauzak bideratzen, errazten eta gauzatzen. Askotan, mugaz gaindiko lanean, esaten dugu harremanak behar direla bideratu, baina askotan hitzetan geratzen da, eta nik eman diot horri adibide bat behintzat, Euskal Herrian bizirik, Hegoalde zein Iparraldean, lanean eta harremanetan.

Mugaz gaindiko lanaren gauzatzean, hizkuntza aniztasunaren aldetik, zerbait ekarri diot euskara normalizatzeari Baionan, eta Euskal Museoan, apaltxoan, baina ekarri diot zerbait. Aldi berean, gustatzen zait sentsibilizatzea Hegoaldea frantsesaren aberastasunari buruz, harremanak errazten ditu hizkuntza aniztasunak. Nik gehiago egingo dut euskara aldarrikatzeko, baina euskaldunen artean hiru hizkuntza erabilgarri izate hori, kultur mailan oso aberasgarria da.

Nire aisialdian ere, horrela ibili naiz. Angeluko Ibaialde elkartearen bitartez harreman asko egin ditut, abentura oso erakargarrietan parte hartu izan dut. Hala nola Ternuara eta San Lorenzo ibaira, eta Quebecera arraun egitera joatea.

Egitasmo batzuk garatu dituzu urte hauetan guztietan, zeintzuk dira zuretzat kuttunenak?

Bi esparrutan banatuko nituzke. Lehena, duela gutxi egin den Gaur taldeari buruzko erakusketa, artista gipuzkoarrena. Historia museo bat izanda, inork agian egin ez duen moduan, talde artistikoa erakutsi dugu historia ikuspegi batetik. Eta aldi berean, ezagutarazi dugu Iparraldean frankismo garaiko erresistentzia, borroka egiten duten artistak baitira, eta hori arte ederretako museo batek ez du egingo, eta bitarteko museoa izanda, eman digu horretarako aukera. Lan polita egin dela esango nuke, eta jende askori gustatu egin zaio.

Aipatuko nituzke, era berean, mugaz gaindi egin diren erakusketak, Zumalakarregi museoarekin, San Telmo museoarekin eta Bilboko Euskal Museoarekin. Horri segida eman diot, ez nuke esan nahi «Rafa Zulaika izan dela mugaz gaindiko gizona», zorionez, bere historian zehar egin izan da hastapenetik. Hor bitxi egiten zait, nire familiakoa den Aita Donostiak, Jose Gonzalo Zulaikak, han egiten zituen hitzaldiak, ikerketa lanak, lantaldeetan parte hartzea…

Baionaren erdialdean egonik ere Euskal Museoa eremu zaharkitu gisara hautemana zen, bere baitan itxia. Orain beste eragileekin egiten den lanaren bitartez, besteak beste, irekiagoa ikusten da. Azken hiru urteetan bisitarien kopuruan errekorrak gainditu dira.

Emaitza mailan, geratzen zait gogoan, eta bihotzean ere bai, museoa berrireki egin dela eta berriz harremanetan hasi dela bere inguruarekin. Adibidez, eskola mailan lan handia egiten da. Publiko ezberdinekin lan egiten dugu, eskaera bereziak dituztenei erantzuten saiatzeko, bitartekaritza arloak garatu ditugu. Harrera mailan kalitatea bermatzen ere saiatu izan gara. Erakusketa handiak oso ikusgarriak dira, baina bada eguneroko beste lan hori, hainbeste ikusten ez dena, oso baliotsua dena publikoari begira.

Zorionekoa da elkarteek ulertu izana, erakundeek ulertu izana. Denon lana izan da hori, lantaldearena ere bai, askotan horiei ere eragiten die lana, zorioneko lana da, gure ondarea, kultura… gizarteratzea.

Zergatik utzi duzu Baionako Euskal Museoa?

Denetarik dago hor. Hasteko hamabi urte izan dira, eta nire ibilbide orokorrari begiratuz inpresioa daukat etapak onak direla. Aitortzen dut duela hamabi urte joan nintzenean nituen indarrak eta gogo horiek berdintsuak ez ditudala. Ez niri falta zaizkidalako, baina agian, museoak berak beste indar, energia eta gogo berri batzuk behar dituelako. Aldaketa behar du, harago joateko komenigarria da, osasungarria izan daiteke beste norbaiten ardura, ikuspegia, irudikapenak, eta kasik ametsak hor bideratu ahal izateko.

Zergatik orain? Ia hamabi urte bertan izanik, pentsatzen dut hurrengo etapa bat luzexkoa izan daitekeela, behintzat bost urtekoa litzatekeelako, Euskal Museoaren mendeurrenarekin lotuta legokeena. Mendeurrena ospatzeko, bi data daude. Museoa 1924an ireki zen, baina Baionako hiriak eta elkarte zientifiko batzuek sortzea erabaki zuten 1922an. Nire ideia 2020tik 2024ra ospakizun garaia izatea da, eta hor aurrera nabarmen egiteko garaia eta aukera dela. Hori prestatzen orain hasi behar da, lantaldeaz gain zuzendaritza mailan proiekzio hori egin behar da. Orain hasi eta ia hamar urtera arteko proiekzioarekin.

Esan behar da, halaber, Baionan Bonnat-Helleu museoan gertatzen ari den berrikuntza. Zuzendari gazte berri bat etorri da, eta Baiona Ttipian biak kokaturik, Euskal Museoak lortuko balu (eta horrela espero dut nik) handitzea eta atzealdean (Lafitte karrikan) beste sarrera bat lortzea, beste 700 metro karratu gehiagorekin, horrek emango lioke sinergia lortzeko beste indar bat. Eta ez bakarrik museoari, baita Baionari, baita Ipar Euskal Herriari ere.

Oraintxe bertan, Euskal Elkargoarekin aukera ikusten dut lurralde mailan aurrera egiteko, baina harrapatu nau momentu batean non, oso gustura egon naizen Iparraldean, baina faltan bota dut Hegoaldea ere. Bereziki Donostian familia mailan, eremu pertsonalean familian nahi dut nire presentzia areagotu.

Sosegu guztiarekin, esaten dut hemen komeni dela aldaketa bat planteatzea. Horrela esan nuen duela hilabete batzuk eta urtearekin aldaketa gauzatu da. Ez da krisi bat izan, lasaiki gertatu dira gauzak.

Museoan zenuen ardura utzi baduzu ere, mendeurrenaren prestaketan eraren batean parte hartuko duzu?

Langile gisa ez, antolatuko diren dinamika horietan iritzi ezberdinak biltzea komeniko litzatekeela eta, aholku edo irizpide batzuk markatu momentuan, entzun nahi banaute, gogoz egingo nuke. Inolaz ere ez nuke uko egingo, baina ez gaude hor.

Iristen zara nonbait lana maitatzera, nik orokorrean maite dut, erakundea ere maitatzera iritsi naiz, baita hiri eta herrialdea ere. Jarraituko dut Iparraldera joaten, asko zaletu naiz txokolatearekin, euskal goxokiarekin, bat-batean ezin ditut horiek nire dietatik atera. Baita erakusketak bisitatzera, eta hango kultur arloan ere, lehen Hegoaldeko dinamika segitzen saiatzen nintzen bezala, orain Iparraldekoa tokatzen zait. Hain normala eta erraza egiten zaidanez Iparralde eta Hegoalde artean ibiltzea, bietan eroso sentitzen naiz.

Baionako ardura utzi, eta berehala Elkano Fundazioan lanean hasi zara.

Bizitzak orain arte eman dit aukera gustuko nituen gauzetan jarraitzeko. Ez nekien zertan ariko nintzen, eta Elkano Fundazioko lantaldean egitasmoen ardura izanen dut. Elkanoren mundu biraren 5. mendeurrenaren karietara fundazioa sortu da epe jakin baterako, Getariako Udala, Urola Kosta Partzuergoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, eta horrek emango dio berrirakurketa bat bira horri.

Oso pozik nago, bereziki ekite mailan eta emaitzetara bideratua dagoelako nire lana. Bidaia 1519an abiatu zen, eta aurten jada hasten da historia horren berrikusteko aukera, hiru urteren epean burutu zuten, beraz 2022ra arte egongo dira ekitaldiak. Hurrengo hiru urteetan badakit zertan ariko naizen.

Itsasoari eta historiari lotuta dago, baina ez hori bakarrik, oraingo eta gaurko begiekin ikusita izango baitira. Duela 500 urteko erronkak ez dira berdinak, eta horri buruz hausnartzea da gure gaurko erronka, ikasbide izateko. Itsasoarekin lotuta, migrazioarekin lotutako erronkak esaterako. Eta beharbada horrek ere emango digu aukera Iparraldearekin aritzeko, han ere itsas gaiek duten garrantzia ikusita.

Urtearen hasierarekin hasi zara fundazioan lanean. Ion Irurzun zuzendariarekin eta Alaia Berriozabal proiektu teknikariarekin hasitako elkarlanean etorkizunerako oinarriak finkatu al dituzue?

Lehen lanegunak oso trinkoak izaten ari dira. Gure artean elkar ezagutzea eta lantaldearen hiru kideen arteko iritziak trukatzea oso beharrezkoa baita ondorengo urteetan egingo dugun lana emankorra izateko. Ion Irurzunek orain arte aurreratuta zuen lanaren berri eman digu, Alaia Berriozabalek eta biok ekarpenak mahai gainean jarri ditugu. Barne koordinazioa argitu behar dugu kanpora atera baino lehen, eta ondoren partaide desberdinengana joko dugu.

Elkano eta lehen mundu bira ez dira inoren ondasuna eta hainbat eragilek buruan dabilzkien proiektuekin guregana joko dute, batzuek egin dute dagoeneko. Fundazioaren helburuak argi izanik, horiek behar bezala adieraztea eta horiei eustea izango dira lantaldearen barnean neuk egin behar dudan koordinazio lanaren mamia.

Helburu horiek hiru dira nagusiki: XVI. mendeko historiatik abiatuta gaur egun erabilgarri izango den ezagutza berria sortzea, prozesu horietan sarean edo lantaldetan aritzea eta horren guztiaren emaitza gizarteratzea ahalik eta zabalen.

Mugaz gaindi egindako lanak baliagarriak izango zaizkizu?

Bai, mugaz gaindiko mailan oso baliotsua deritzot hartu dudan esperientzia, Elkano eta lehen mundu bira ez baitira gizon baten balentrian soilik oinarritzen, euskaldun guztion ezagutzan baizik, eta hori Hegoaldetik Iparraldera doa.