Kazeta

Indarkeria matxista: biktimak ez du alokairua ordainduko

Frantziar Estatuan hemendik goiti indarkeria matxistaren biktima diren emazteek ez dute utzitako etxebizitzaren alokairua ordaindu beharko. Neurria emazte hauen bizi baldintzak hobetzeko lagungarri izanen dela aurreikusten da.

Orain arte, erasoa jasaten zuenak etxebizitza utzi eta alokairua ordaintzen segitu behar zuen. ©Isabelle Miquelestorena
Orain arte, erasoa jasaten zuenak etxebizitza utzi eta alokairua ordaintzen segitu behar zuen. ©Isabelle Miquelestorena

Elan etxebizitza lege berriaren artikulu batek indarkeria jasan duten emazteei edota haurrei etxebizitza utzi eta alokairua erasotzailearekin batera ordaindu behar ez izatea baimenduko die. Honenbestez, erasotzailearen gain geratuko da alokairuaren ordainketa osoa.

Neurri hau berria da. Orain arte, erasoa jasaten zuenak etxebizitza utzi eta alokairua ordaintzen segitu behar zuen. Bai bederen erasotzaileak etxea utzi edo dibortziatu nahiz bizikidetza hitzarmena hautsi arte. Egun, haatik, etxea uztera behartua izanen den biktimak pisu bat guttiago izanen du.

Alta, alokairua ez ordaintzeko neurria ez da automatikoa izanen. Biktimak, lehenik, gutun bidez etxejabea informatu beharko du. Gutunarekin batera, jasotzen duen zaintza agiriaren kopia bat bideratu beharko dio. Neurri hori familia aferez arduratzen den epaile batek eman behar du. Bestelakoan, erasotzaileak azken sei hilabeteetan jasotako zigor penal baten kopia ere bideratu ahalko du.

Etxebizitzan geratzeko zailtasuna

Atherbea elkartearen zuzendari nagusi den Jean-Daniel Elichiryk neurri berri honi ongi etorria egin badio ere, biktimek bizilekuarekin duten arazoak hor segitzen duela adierazi du. Zehazki, biktima etxean geratzeko eta erasotzailea kanporatua izateko aukerari egin dio erreferentzia.

“Neurri hau jadaneko existitzen da eta urgenteena litzateke. Tamalez ez da ohikoena hau aplikatzea”, erran du Elichiryk. Justiziaren berantak dira arrazoi nagusia. Horrek biktimek zigor bikoitza jasan behar izatea ekartzen duela uste du Atherbearen zuzendariak: “Damugarria da auzitegien enboliagatik legeak aurreikusitako neurri garrantzitsu hau ezin aplikatzea”.