Nagore BELASTEGI

EHZ ekainaren 28tik 30era ospatzea erabaki dute

EHZ festibalaren proiektu berria aurkeztu dute urtarrilaren 12an Baionako Zizpa Gaztetxean antolatutako biltzar nagusian. Aurkezpena ondotik, gazteek egitasmoa bozkatu eta ekainaren 28tik 30era EHZ festibala ospatzea erabaki dute.

Egitasmo berria bozkatu dute urtarrilaren 14ean. ©Bob EDME
Egitasmo berria bozkatu dute urtarrilaren 14ean. ©Bob EDME

Zalantzen ostean, Euskal Herria Zuzenean festibalak bizirik jarraituko duela erabaki du talde antolatzaile berriak. Ekainaren 28tik 30era ospatuko dute, baina oraindik ez dute erabaki non egingo duten. Datozen asteetan zehaztuko dutela iragarri dute sustatzaileek.

Irati Fernandez talde antolatzailearen parte da, eta GARAri azaldutakoaren arabera, irailean biltzar nagusia egin zuten EHZ hor bukatzen zen edo segitzen zuen erabakitzeko. «Lau pertsonak eman zuten izena proiektu bat sortzen saiatzeko. Horren harira hamabost pertsonako taldea osatu zen, eta irailetik hona hor ibili gara proiektua prestatzen», azaldu zigun. Atzo biltzarra egin zuten proiektua aurkezteko eta bertaratutako 50 lagunek erabaki zuten ekimenarekin aurrera jarraitzea. Bilerara jende berri eta gazte ugari gerturatu zela kontatu zigun Fernandezek: «20 urtetik beherako jendea, lehen izan ez direnak, eta hori oso positiboa da esan nahi duelako belaunaldi berri bat hor dela».

Jaialdia non ospatuko duten, ordea, ez dute erabaki oraindik baina argi dute orain arteko lekuari ez diotela eutsiko Ipar Euskal Herriko beste herrietara zabaldu nahi dutelako. «Aurreko urteetan Lekornen egin da, zelai handi batean, eta hori izango da egingo dugun aldaketetako bat. Herri txiki batean izango da seguruenik, orain aukera desberdinak aztertzen ari gara», argitu zuen.

Gaiari dagokionez, bi zutabe nagusiak kultura eta politika izango dira, eta «horrek esan nahi du eduki politikoa izango duela gazteen formakuntzarako». Horretarako saio batzuk prestatuko dituzte festibalean bertan «gaiak lantzeko, eztabaidatzeko eta geure buruak adierazteko». Eskaintza kulturala «zabala eta alternatiboa» izango da eta kontzertuak edo antzerkia bezalako emanaldiek osatuko dute egitaraua.