Kazeta

Natura eta kultura eskutik helduta Hendaiako itsasbazterrean

CPIE Euskal Itsasbazterrak 2019ko urtarriletik martxora bitarteko natura eta kultura ekimenak aurkeztu ditu. Horien artean, urtarrilaren 15etik martxoaren 30era arte, “Erleak, polinizatzaileak eta pestizidak” erakusketa ikusgai izanen da Hendaiako Erlaitzetan kokaturiko Asporotsttipi etxean.

Asporotsttipi etxean hainbat erakusketa izanen dira ikusgai martxora arte.
Asporotsttipi etxean hainbat erakusketa izanen dira ikusgai martxora arte.

CPIEk euskal itsasbazterraren aberastasun ezkutuak ezagutzeko aktibitate andana bat prestatu du urtarrilaren erdialdetik martxoaren bukaerara arte. Itsasoari, naturari eta kulturari loturiko hamaika topaketa, mintzaldi, animazio eta ibilaldi izanen dira proposaturiko egitarauan.

Hendaiako Erlaitzeko errepidean kokaturiko Asporotsttipi etxean hainbat erakusketa izanen dira ikusgai. Baserri hori natura eremu babestu horren aberastasun eta berezitasun guziaz gozatzeko interpretazio zentro bat da. Bertan bada Abbadia eremuko eta Erlaitzeko interes puntuak ezagutzeko erakusketa iraunkor bat, euskaraz, frantsesez nahiz gazteleraz osatua.

Aldi baterako erakusketen barnean berriz, urtarrilaren 15etik goiti eta martxoaren hondarrera arte, “Erleak, polinizatzaileak eta pestizidak” izenekoa ikusi ahalko da. Aurkezten diren argazki, bideo eta objektuen bidez, polinizatzaileak diren espezieak babestearen garrantzia erakutsi nahi zaio publikoari. Gisa berean, pestizidek funtzio hori betetzen duten espezieak arriskuan jartzen dituztela ohartarazi nahi dute.

Erakusketa honek animazioak, mintzaldiak, haurrentzako ikastaroak edota ibilaldiak ditu osagarri. Bi hilabeteko egitarau anitza CPIE Euskal Itsasbazterraren web atarian ageri den liburuxkan ikusten ahal da.