Antton Etxeberri

Herri baten engaiamendua bere aniztasun osotik

85.000 manifestarik euskal preso politikoei legea aplikatzea exijitu dute. Horietatik 9.000 lagun Baionako karriketara atera dira. Zifretatik harago, bildutako ordezkarien aniztasuna eta bizi sozial nahiz politikoaren eragile andana mobilizazioaren osagai nabarmena izan dira. Ez da ohikoa Ipar Euskal Herriko hiri batean euskal preso politikoen gaiarekin hainbeste manifestari karrikan ikustea.

Joaldunak Baionako kaleetan barrena manifestazioari hasiera emateko. (Bob EDME)
Joaldunak Baionako kaleetan barrena manifestazioari hasiera emateko. (Bob EDME)

Euskal jendarteak beste behin bake prozesuak lurraldearen engaiamendua eskatzen zuela ulertu du. Noiz eta legearen koadrotik harago, Parisekiko elkarrizketak blokaturik diren memento batean. Larunbatean Baionako karriketan arlo kultural, sozial, erlijioso eta politikoaren ordezkaritza zabalak erakutsitako aniztasunak ez du zalantzarako tarterik uzten Euskal Herriak bake prozesuan aitzinatzeko duen borondateaz.

Mementoaren garrantziaz jabeturik, eremu politikoa aniztasun osoz izan zen Baionan. Ez da kointzidentzia bat banderola baten gibelean hainbeste koloretako hautetsi eta militanteak mobilizatzen ikustea. Han ziren NPA, France Insoumise, Génération.s, Alderdi Sozialista, EH Bildu, EH Bai, Modem, Europe Ecologie Les Verts, Euzko Alderdi Jeltzalea, UDI, Les Républicains... Pariseko mobilizazioan ez bezala, Macronen alderdiko departamenduko ordezkariek mobilizazioan parte hartzeko deia egin ez bazuten ere, larunbatean Baionan La République en Marche alderdiko hainbat hautetsi eta militante ikusi ahal izan genituen. Agerikoa da garrantzitsua dela legea euskal preso politiko guzientzat errespeta dadin publikoki agertzea eta gobernu arduretan diren haien kideei Madrilen jarreretatik urrunduz bake prozesuan parte har dezaten eskatzea. Ipar Euskal Herrian gatazkaren konponbidearen alde lortu izan den adostasunak ez du arazorik sortzen PNB-k ere Baionan parte har dezan, Bilbon hala gertatu ez den bitartean, nahiz eta lema berdina izan. Zentzu berean, Pirinio Atlantikoetako Alderdi Sozialista Baionako karriketan izan zen, baina Hego Euskal Herrikoak Bilbon parte hartzeari uko egin zion.   

2011 urtean ETAk aldebakarreko ekimena abiatu zuenetik larunbateko manifestazioraino aitzinera egiteko urrats ainitz egin dira: Aieten bildutako nazioarteko pertsonalitateak, Frantziako Estatuak ETAren armagabetzea onar zezan bake artisauek harturiko arriskuak, Frantziako Estatua bake prozesuan engaiatzeko Parisen egindako manifestazioa edo iazko maiatzean erakunde independentistak iragarritako desegitea dira horietariko nagusienetakoak. Gatazka armatuaren ondorio diren presoen eta biktimen auziei aterabidea ematea da bake prozesua bururaino eramateko azken kapitulua. Munduko beste gatazketan erabilitako formulak aski ezagunak dira. Bistan da Euskal Herriko gatazkaren berezitasunak batzuetan erantzun ezberdinak galdegingo dituela, baina Euskal Herriaren etorkizunerako baitezpadakoa da aitzinean den erronkari erantzuna ematea: gatazka armatuaren orrialdea hestea, hain zuzen. Frantziako eta Espainiako Estatuek prozesu horretan behingoz parte hartzeko aukera eta betebeharra dute.