Egoitz URRUTIKOETXEA
Egoitz_urrutikoetxea
Lehengo lepotik burua!

[IRITZIA] Urtarrilaren 12ko manifestazioak iragan baino lehen, Euskal Herriko testuinguruaz hausnartu du Egoitz Urrutikoetxeak. Parisek konponbideari “bizkarra” ematen dion bitartean, indar metaketa sendotzen da Ipar Euskal Herrian.

11/01/2019 08:30 | 0 comentarios

Abendu ondarrean Pariseko auzitegi korrekzionalak euskal gatazkaren errealitatearen ezaugarriak argira ekarri dizkigu. Bost euskal herritar zigortuak izan dira Euskal Herriaren alde obratzeagatik, gatazkaren ezaugarri armatua gainditzeko lanetan aritzeagatik. ETA erakundeak borroka armatuaren bukaera iragarri eta lau urtera atxilotu zituzten Ortzaizen. ETA erakundea armagabetu eta herrian disolbatzeko erabakia iragarri ondotik epaitu eta zigortu dituzte Parisen.

Hiruk ez dute presondegirako bidea hartuko, zigorra jaso baldin badute ere. Beste bik aldiz presondegian jarraitu beharko dute. Justiziaren basoa erdi hutsik edo erdi beterik ikus daiteke, ikusmiraren arabera. Justiziaren bidez Estatuak hemen nork agintzen duen oroitarazten digu. Euskal gatazkaren iturburuan dagoen subordinazio eta menpekotasun harremanak indarrean jarraitzen duela aditzera ematen du. Beste behin ere herriaren nahia lotsagabeki zangopilatuz.

Pariseko agintari nahiz epaileek lehengo lepotik dute burua. Logika zaharrarekin kudeatzen segitzen dute 2011az geroztik Euskal Herrian zabaldu den fase berria. Justizia ministroaren albokoa den Hélène Davok egin berri dituen adierazpenak sentsibilitate faltaren eta zurrunkeriaren ispilu dira.

Errotik politikoa den arazoa judizialki kudeatzen jarraitzen dute. Ez da kasualitate bat. Gatazkaren izaera politikoa ukatzea konponbideari bizkarra emateko manera bat baizik ez da. Funtsean, ez dute eskaintza politiko eta demokratikorik Euskal Herriarentzat. Estatuen ekuazioan herriaren hitzak eta nahiak ez du ibilbide posiblerik. Katalunian gertatzen ari denak argi asko erakusten du bi Estatuentzat demokrazia non hasten eta non bukatzen den.

Euskal Herrian garai berria zabaltzeko aldebakarrez eman diren urratsek oro euskal jendartea zuten helburu. Zerumuga berri bat idekitzea zuten helburu, indar metaketa zabal eta eraginkorragoak ahalbidetuz.

Azken urteetan gatazkaren ondorioen konponbidean indar metaketa sendoa lortu da Ipar Euskal Herrian. Ezberdinen artean bide egitea lortu da. Estatuak aldiz, urratsak nahi genuekeena baino emekiago ematen ari dira. Harritzekoa ez da. Izan ere, Estatuen ustea da gatazkaren ondorioen atala konponduko ez den artean indar guziak nekez ezarriko ditugula Euskal Herria egituratzeko bidean. Euskal Herrira demokrazia ekartzea da funtsean eragotzi nahi dutena.

Euskal preso eta heslari politikoak etxean nahi eta behar ditugulako, Urtarrilaren 12an Baiona eta Bilboko karriketan indar erakustaldi erraldoia egin behar dugu. Baina bistatik galdu gabe, Euskal Herri burujabearen bidean urrats sendoak emanez ditugula gatazkaren ondorioak behin betirako gaindituko. Gure baitan da gakoa. Subordinazio eta menpekotasun logikak irauli ditzagun !