Gazteek indarrak batu dituzte euskal presoen alde

Ipar Euskal Herriko txoko anitzetako gazteak elkartu dira urtarrilaren 5ean Hazparnen larunbatean Baionan iraganen den mobilizazioa prestatzeko. Sorturiko gazte blokearen bidez, euskal presoen alde engaiatzeko nahikeria adierazi dute.

Iurre BIDEGAIN|07/01/2019 07:00|0 comentarios
Med_gazteak_manifa_banderola_prestatzen_hazparne_imiquelestorena02
Manifestaziorako apainketaren prestaketari eutsi zioten gazteek. ©Isabelle Miquelestorena

Orainari eta geroari so jarri dira Ipar Euskal Herriko hainbat eskualdetako gazteak. Urtarrilaren 12an Baiona eta Bilbon iraganen diren mobilizazioak baino lehen motorrak berotu dituzte Hazparneko Ttattola gaztetxean iragan den hitzorduan. Manifestazioei begira, Hazparne, Makea, Sara eta Kanboko gaztetxeko kideek, zein Aitzina mugimenduko eta ELB sindikatuko kideek indarrak batu dituzte euskal presoen eskubideen defentsan.

Goizeko 10.30ean finkatua zuten zuten hitzordua gazteek, baina azkenean Gabi Mouesca Iparretarrak taldeko kideak eta Espetxeen Nazioarteko Behatokiko Frantziako atalaren burua izanarekin eta Aitzol Gil de San Vicente euskal preso baten senidearekin antolatutako hitzaldia bertan behera gelditu zen. Bazkaria ondotik, manifestaziorako apainketaren prestaketari eutsi zioten.



Hain zuzen, Baionako karrikak elkarrekin zeharkatuko dituzte gazteek. Arratsaldeko 17.00etan finkatua den hitzordua baino ordu erdi lehenago, Baionako presondegian elkartuko dira eta eskuz esku mobilizaziora hurbilduko dira.

Gazte deialdia zabaldu

Iragan abenduaren 5ean, presoen aldeko gazte dinamikaren lehen hitzordua iragan zen. Joana Barbierrek azaldu duenez, ekimenean "Baionako martxaren alde deialdi amankomun bat egiteko gogoa sentitu zen". Bere helburua ahalik eta Ipar Euskal Herriko gazte gehien batengana iristea da.

"Iragana ahantzi gabe gaurko eta biharko erronkei so egin nahi diegu", diote plazaratutako agirian. "Sufrimendurik gabeko" herri batean bizitzeko, euskal presoek pairatzen dituzten salbuespenezko neurriekin bukatzea funtsezkotzat jo dute. Halaber, alde guztietako biktimen aitortza "ezinbestekoa" dela diote.