Kazeta

Petizio bat izenpetzeagatik langile bat kanporatu dute Signature-n

CGT sindikatuaren arabera, errepide seinaleak fabrikatzen dituen Urruñako enpresako langile batek joan den abenduaren 17an jaso zuen kanporatze jakinarazpena, laneko orenetan petizio bat izenpetu izanagatik. Sindikatu honek ez du delegatu sindikalik eta gehiengoa duen CFDT-k berriz, oraino ez du kasu honi buruzko berririk eman.

Eguneko zerbitzuetan lanean ari diren 96 langiletik 90ek izenpetu dute petizioa.
Eguneko zerbitzuetan lanean ari diren 96 langiletik 90ek izenpetu dute petizioa.

Errepide seinaleak egiten dituen Urruñako Signature enpresak langile bat kanporatu du. Horren aitzinetik enpresak abenduaren 17an elkarrizketatu zuen hamar urtez lanean ziharduen Sebastien. Zuzendaritzak ofizialki emandako arrazoia lanpostua utzi izana da. Duela bi hilabete bere lan orenetan petizio bat izenpetu izana leporatzen zaio. Petizio honek eguneko langileentzat denbora tarte berriak galdegiten ditu.

Frédéric Etcheçaharreta Hendaiako CGT-ren idazkariak “zigorra lekuz kanpo dagoela” adierazi du. Mediabask-i igorritako oharrean jakinarazi du berria. Alta, Signature enpresan soilik CFDT-k ditu delegatu sindikalak. Dirudienez, zuzendaritzak hartu deliberoa salatzeko, bi langilek Etcheçaharretarekin egin zuten harremana.

Eguneko zerbitzuetan lanean ari diren 96 langiletik 90ek izenpetu dute petizioa. 2016ko enplegua babesteko plana da arrangura sortzen diena. Urte hartan, enpresaren zuzendaritzak 40 langile kanporatu omen zituen eta langileekin kontsultatu gabe ordutegi berriak ezarri zituen. Lehenago goizeko 7etan edo 8etan hasten ziren, bakoitzaren egokitasunaren baitan. Egun, 7etan agertzera behartuak dira.

Hauteskunde sindikalak zerumugan

“Haurrak dituztenentzat egoera zaila da”, azaldu du Etcheçaharretak. Petizioaren bidez, aitzineko ordutegira itzultzea galdegiten dute. Hau da, goizeko 7etan edo 8etan hastea, bakoitzak dituen aukeren arabera egokitzeko, edo bestenaz guziak 8etan hastea. Dirudienez, kanporatua izan den Sebastienek dokumentua CFDT-koei pasa zien, hauek haien arduradunei eman ziezaioten. Oraingoz, enpresan gehiengoa duen sindikatuak ez du aferari buruzko argipenik eman.

Kanporaturiko langilea Signature lan auzitegian salatzeko hausnartzen ari omen da. Aukeran, CGT-k bere abokatuen zerbitzuak eskaini dizkio. Sindikatu honen arabera, gainerateko langileei begira zigor eredugarria ezarri nahi izan du enpresak.

CGT-k ordezkaritzarik ez duen enpresa bateko afera presaz komunikatu izanak, heldu den urtarrilaren 28an eginen diren hauteskundeekin ere izan dezake zerikusia. Zerrendak hil horren hamabosta aitzin aurkeztu beharko lirateke. “Zerrenda bat egin nahi genuke, nahiz eta zaila izanen dela jakin”, baieztatu du Hendaiako ordezkariak.