Kazeta

“Zailtasunetan den pertsona batek erantzun bat ukaiteko eskubidea du”

Beñat Cachenaut Iholdiko auzapeza Euskal Elkargoko lehendakariordea da ekintza sozial eta lehen haurtzaroko karguan. Arlo horretako lehentasunez mintzatu zaigu.

Beñat Cachenaud
Beñat Cachenaud

Autonomia eta prekarietateari loturiko gaiak Euskal Herriko Gizarte Ekintzarako Zentro Interkomunalaren (CIAS) gain geldituko dira. Lehentasunak zehaztu dira?

Bai, zerrendatu ditugu. Erraterako, autonomia ikuspegitik Bidaxuneko lurraldean oraino ez da otordurik eramaten. Barnealdeko hainbat herrik ez dute halako zerbitzurik. Zentroak halako arazoak aztertu eta Euskal Herri osorako proposatuko du. Gure xedea da barnealdeko eskualde batean bizi den pertsona batek hirian bizi denaren zerbitzu bera ukaitea. Bidaxunen, Kontseilu departamentalarekin adosturik, eskola eta kolegioetarako otorduak prestatzeko sukalde orokor bat sortzeko proiektua dugu. Haurtzaindegia ere bertatik hornituko dela uste dut. Sukalde hau otorduak eramateko erabiliko dela espero da.

Eta prekarietateari dagokionez?

Honetan ere badira lehentasun ainitz. Elikadura laguntzaz mintzatu behar gara: ez dago bermaturik Ipar Euskal Herri osoan. Herri batzuetan, Maulen bezala, elikagai bankuak daude. Baionan, heldu den udaberrian elkarteak eraikin berria ukanen du. Euskal Elkargoa eraikinaren eraikuntzan engaiatu da. Beste herri batzuetan, Bidaxunen adibidez, elikadura laguntza denda sozial baten bidez egiten da. Egitura bakoitza bere sektorean aritzen da, baina sare bat sortzeko baldintzak badira, zeinaren bidez garraio sistema batekin eta denda sozial mugikorrarekin elikagaien banaketa egingo litzatekeen. Lokal berriak beti ez dira baitezpadakoak. Aski da herri batetik bestera joatea. Boluntarioak lagunduko ditugu, haiek ere eskatzen baitute. Bizitegirik ez duten pertsonentzat, Euskal Elkargoak Biarritzeko Gilles etxea du. Beharrezkoa da bizitegi gehiago proposatzea, egoerak erakusten duenez gero eta gehiago baitira karrikan edo haien autoan lo egiten duten pertsonak. Hori ez da soilik hirian gertatzen. Barnealdean ere ohartzen ari gara.

Secours Catholique-k Euskal Herrian egindako aktibitateen urtekarian fenomeno hau azpimarratu zuen.

Bai, agerian ez den prekarietatea eta pobreziaz ari gara. Eta pertsona hauek bizitegi bat izanik ere, bizitegi hauek ez dute erosotasunik. Euskal Herriko CIAS-en zerbitzuak ez dira pertsona hauek zuzenean ikustera joanen. Haiekin harremanetan diren elkarteak lagunduko ditu. Hori da gure misioa. Koordinazio orokor bat eginen dugu, elkarteak babesteko, harremanen bidez, zailtasun sozialak identifikatzeko. Elkarteek gaia hobeki ezagutzen dute eta guk aipaturiko funtzio hori betetzea da espero dutena.

Definitu al da antolaketa honen buxeta?

Ekintza sozialerako lurraldearen buxeta 10,35 milioi eurokoa da. Bertan sartzen dira lehen haurtzaroa, haurtzaindegiak, autonomia... Eragile ezberdinek finantzatzen dute: CIAS-ek, departamenduak, PMI-k, CAF-ek, MSA-k. Gainerako 3,22 milioiak Euskal Elkargoak bere gain hartzen ditu. 3,87 milioitara pasako ginateke, bost lanpostu gehigarri sortuz. CIAS-ek egun dituenak baino 2,5 lanpostu gehiago ukanen lituzke. Lanpostu bat eta erdi lehen haurtzaroa, haurtzaroa eta gazteriarentzat eta beste bat, osasun arlorako. 650.000 euro gehiago galdegiten ditugu zentroaren ibilmolderako. Herritar bakoitzeko 2 euro lirateke. Ahalegin hori egiten ahal dugu. Iholdin edo Baionan, zailtasunetan den pertsona batek erantzun bat ukaiteko eskubidea du.