Kazeta

Hendaiako laborantza lurrak eskuratzeko hautagai andana

Legarraldea etxaldearen eta bere 19,5 hektareen salmentak hainbat hautagai erakarri ditu. Horien artean da Hendaiako Hiria. Saferrak abenduaren 13an proposamenik egokiena deliberatu behar du eta eguna hurbildu ahala, tentsioa hozka bat emendatu da.

Hendaiako aitzineko auzapezak etxebizitzak eraiki nahi zituen Legarraldean. © Bob EDME
Hendaiako aitzineko auzapezak etxebizitzak eraiki nahi zituen Legarraldean. © Bob EDME

Legarraldea etxaldea eta lurrak salmentan ezarri zirenetik, hauek erosteko Urruñako lau laborari eta Hendaiako Hiria aurkeztu dira. Laborantzaren ikuspegitik urbanizaturiko kostaldean seinale interesgarria izan daiteke, baina gisa berean, hautagaiak ikusirik, agerian geratzen da Urruñaren gisako herri berde batean den lurren eskasia. Maiatzean eskaerak egiteko deialdia egin ondotik, abenduaren 13an Saferren batzorde teknikoak txosten egokiena hautatu beharko du.

Afera ezohikoa da hedabideetan usaian baino lehenago atera baita gaia. Herriko etxe bat presente izatea ere ez da ohikoena, nahiz eta beste leku batzuetan instituzioen jardun arrunt bat izan. Azaroaren 29an Hendaiako herriko kontseiluak deliberatu zuen tokiko lurren gune publikoak (EPFL) erosketan esku hartzea, betiere txostenak Saferren irazkia gaindituko balu. Erabakia oposizioaren bozkarik gabe hartu zen.

Legarraldea 19,5 hektarea dituen etxalde bat da. Horietariko zortzi Urruñako lurretan kokatuak dira. Lur sailerako eta baldintza eskasetan den eraikinerako sartzea Hendaiatik egin behar da eta dirudienez, lanerako lurrik egokienak ere bertan dira. Egungo jabeek guzia laborari bati saldu nahi lioketenez, salmentaren kudeaketa Saferrek hartu du bere gain. Hendaiako aitzineko udal gobernuak bizitegiak eraiki nahi bazituen ere, egun Herriko Etxean agintean direnek laborantza eremu gisa mantendu nahi dute eta hala jarriko dute hirigintza dokumentuetan.

Oposizioa ez da ados

Salmentaren prezioa 500.000 eurokoa dela ikusirik, Kotte Ecenarro auzapezak pentsatzen du “denek ezin dutela diru hori inbertitu”. Hori dela eta, engaiatu da Hiria eskarien deialdian sartzera. Bio laborari bat hartu nahi luke, kalitatezko desmartxa bat garatzeko eta zirkuitu ttipietan lan egiteko. Iker Elizalde ekonomiaz arduratzen den hautetsiaren arabera, ildo horrek bat eginen luke Euskal Elkargoan ekonomiaren aniztasunerako eta laborantza jasangarriaren garapenerako ikuspegiarekin.

Alta, Mikel Berra oposizio burua ez da guztiz ados ikuspegi horrekin. “Laboraririk ez balitz izan, ulertuko nuke Hendaiako Hiriak hautagaitza aurkeztea. Egun ez dut interesik ikusten Saferren eta aurkeztu diren laborarien artean sartzeko”.

Exposito anaiek eta Pascal Olaizolak, FDSEA sindikatuarekin batera, Hendaiako auzapeza erakusten ari den presa salatu dute prentsaren aitzinean. Lurrak erosteko hautagai gisa, bakoitzak bere txostena aurkeztu du.

Afera politiko bat

“Honek etsiarazten gaitu. Zer eginen dugu haien aitzinean?”, galdetu du Pascal Olaizolak. EPFLa ondoan ukateak Herriko Etxearentzat haiek ez duten abantaila bat dela uste dute. Urruñako herriko etxean gehiengoaren hautetsi den Beñat Expositok berriz, afera politikoa dela salatu du, kolpe mediatiko bat eta ez du konfiantzarik Hendaiatik eman den komunikazioaz. Bioa eta arrazoizko laborantza terminoak modan direla azaldu du. Berak ere bere etxaldean arrazoizko laborantza egiten duela egiaztatu nahi izan du.

Bere aldetik, Iker Elizaldek adierazi du ez dutela laborari baten edo beste baten kontrako deus berezirik, laborantza jasangarria eta epe labur nahiz luzeko kalitatezko ikuspegia segurtatu nahi dutela baizik. Elizaldek uste du hautagaiek ikuspegi bera izanez gero, Hiriaren proiektuarekin bat egiten ahalko luketela. “Lurra laborari batek baino gehiagok erabiltzen ahal du. Etxalde handi bakar bat baino, lau etxalde ttipi nahiago ditugu”, gaineratu du.

Hastapen batean, Urruñako auzapeza den Odile de Coral Kotte Ecenarrorekin batera proiektua eramateko prest bazen ere, gerora gibelera egin zuen. FDSEAren ordezkari eta udaleko gehiengoan hautetsi den Marie-Hélène Goyak Beñat Expositoren hautagaitza babesteak gibelatze horretan zerikusia ukan lezake.