Kazeta

Hamaika egunez euskara biziaraziko dute Hiriburun

Euskaraldiarekin bat eginez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra “Euskaraz Bizi Hiriburun” ekitaldiaren lehen edizioa ospatuko da, Herriko Etxeak antolaturik.

Euskaraldia ekimenaren abiatzea Ipar Euskal Herrian. ©Iurre Bidegain
Euskaraldia ekimenaren abiatzea Ipar Euskal Herrian. ©Iurre Bidegain

“Hiriburun euskaraz bizi” ekimena aurkeztu du Hiriburuko Herriko Etxeak. Euskal Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Kultur Erakundea eta tokiko zortzi elkarte eta eskolen partaidetzarekin osaturiko egitaraua azaroaren 23tik abenduaren 3ra iraganen da.

Alain Iriart Hiriburuko auzapezak euskarak bizi duen egoerarekiko gogoeta egin du ekimena aurkezten duen idazkian. Inkesta soziolinguistikoei erreferentzia eginez, gogora ekarri du 1996tik hona euskal hiztunen kopuruak behera egin duela Ipar Euskal Herrian eta Hiriburu ere ez dagoela errealitate horretatik salbu.

Iriartek, haatik, argia jarri nahi izan dio egoera horri. Azpimarratu du Lapurdiko herrian murgiltze sisteman den haur kopurua handitzen ari dela, azken urteetan %30eko igoera ukan duelarik. Gisa berean, euskara garatzeko urratsak egiten ari dira, hala nola, seinaleetan, herri enplegatuen formazioan edota eskola elebidunei sustengua azkartzerakoan.

Zinezko arazoa euskararen praktikarako zailtasunetan ezarri du Hiriburuko auzapezak, haurrei arreta berezia eskainiz. Izan ere, eskolaz harago, familietan eta beste eremuetan ingurua arrunt frantsesduna dela baieztatu du, horrek euskara erabiltzeko dituen ondorio ezkorrekin.

Hori dela eta antolatu du Herriko Etxeak “Euskaraz Bizi Hiriburun” proiektua. Euskal Herri osoan eginen den Euskaraldiaren testuinguruan, Iriartek nabarmendu du euskarak herrian aldeko ingurunea ez badu ere, hautetsi, irakasle, elkarte, saltegi eta herritarrek batera urratsez urrats aitzinatzea beharrezkoa dela.

“Euskaraz Bizi Hiriburun” egitaraua

Beste hainbaten artean, hauek dira egitarauak jasotzen dituen ekitaldi batzuk:

Azaroak 23, ostirala:
10.00etan seinale elebidunak ezarriko dira, saltegien partaidetzarekin.
18.30ean “Elebitasunaren onurak” mintzaldia, Baste-Quietako eskolan.

Azaroak 24, larunbata:
18.00etan “Haiz´egoa” kontzertua, La Perle kultur gelan.

Azaroak 25, igandea:
17.00etan “Jendeak” antzerki emankizuna, Ildoka konpainiaren eskutik, La Perle kultur gelan.

Azaroak 26, astelehena:
8.45ean bertsu tailerra, Baste-Quieta eskolan eta Ametza ikastolan.

Azaroak 27, asteartea:
18.30ean “Nola alda ditzakegu gure hizkuntz ohiturak?” mintzaldia, kultur gunean.

Azaroak 28, asteazkena:
15.00etan “Izarren hautsa” ikusgarria, Mikel Laboaren obrari buruz. La Perle kultur gelan.
16.00etan belaunaldien arteko topaketa, Plaza Berrin.

Azaroak 29, osteguna:
19.00etan “Euskaldunak eta lehen mundu gerla” mintzaldia, Herriko Etxean.

Azaroak 30, ostirala:
19.00etan Mintzapraktika, eztabaida eta mahai inguruak, Herriko Etxean.

Abenduak 1, larunbata:
18.30tatik goiti, Besta herrikoia (musika, kanta, dantza, joaldunak, jatekoak...), Plaza Berrin.

Abenduak 3, astelehena:
9.00etan eskolen arteko jokoak eta 15.00etan bertsu saioa, Plaza Berrin.
18.30ean tailer praktikoa: “Nola irakurri euskarazko ipuin bat haurrari euskara jakin gabe?”, Saint Pierre eskolan.