Kazeta

Etxaldeen transmisiorako zailtasunak berretsi dituzte

Pirinio Atlantikoetako laborantza sailak egindako inkesta baten arabera, departamenduan hiru laboraritik bik ez dute haien etxaldearen aktibitatea berrartuko denaren segurantzarik. Hori dela eta, SAFER-ek eta laborantza sailak segidarik gabe diren etxalde eta laborariak laguntzeko asmoa agertu dute.

Diagnosia eskutan, departamenduko laborantza ganberak eta SAFER-ek lan sakon bati hastapena emateko asmoa agertu dute. © Isabelle MIQUELESTORENA
Diagnosia eskutan, departamenduko laborantza ganberak eta SAFER-ek lan sakon bati hastapena emateko asmoa agertu dute. © Isabelle MIQUELESTORENA

Aspaldi ezaguna zen emaitza eman du Pirinio Atlantikoetako laborantza sailak egindako inkestak. Egun instalatzen diren pertsonak baino gehiago dira erretreta hartzen dutenak. Ondorio gisa, hiru laboraritik bik ez dute segurtaturik haien etxaldeak segidarik izanen duenik. Haatik, funtsezko gaia da, komertzio eta zerbitzuez gain, etxaldeek tokiko sailen ekoizpenei tresnak eskaini eta paisaia idekiak mantentzen baitituzte.

2016an Xiberoan burutu lanaren ondotik, departamenduko laborantza ganberak eta SAFER-ek, Euskal Elkargoarekin hitzarturik, lan hau Ipar Euskal Herri osoan hedatzea deliberatu zuten. Egun, Garazi-Baigorri lurraldeari beha jarri dira. Ildo horretan, etxaldearen segida segurtaturik ez duten 156 laborarirekin harremanetan jarri ziren, elkarrizketa bat egiteko xedez.

Abantzu haietako 90ek onartu zuen galdeari erantzutea. Elkar trukaketa hauek aterabide posibleez eztabaidatzea ahalbidetu dute. Hauen artean dira familiak etxaldea bere gain hartzea, alokairua, salmenta edota familia ingurunerik ukan gabe ere instalatzea. Gisa berean, harreman hauetan laborariei egun badiren baliabideei buruzko informazioa eman zaie.

Zenbait ondorio argigarri

Inkestaren emaitzak iragan azaroaren 7an presentatu zituzten, eman dituen ondorioak argitara emanez. Konparazio batera, Garazi-Baigorriko hazleek ekipamendu eta lan baldintza zailetan egiten dute lan. Elkarrizketatutakoen artean, esne ardiak dituztenen erdiek ez dute esnea jezteko gelarik. Bestetik, erabiltzen den lurra nagusiki familiaren jabegoa izan ohi da eta hori elementu baikorra izaten ahal da etxaldearen transmisiorako.

Zailtasunen artean, kanpotik jindako pertsona batek familiaren etxaldea bere gain hartzeak zalantza handiak sortzen ditu. Gainera, zalantza areagotzen da jabeak familiak etxaldearen jabetza galduko dutenaren beldur baitira laborariak. Azkenik, haien etxaldearen transmisioa egitea pentsatu dutenen artean, erdiak baino gehiagok familia inguruneari uzteko asmoa agertzen dute, baina bigarren mailako aktibitate gisa.

Diagnosi hau eskutan, departamenduko laborantza ganberak eta SAFER-ek lan sakon bati hastapena emateko asmoa agertu dute. Ildo horretan, bi bilkura izan dira antolatuak. Lehena heldu den azaroaren 27an goizeko 10.00etan Hazparneko laborantza ganberan iraganen da, eta azaroaren 29koa berriz, ordu berean Garazi-Baigorriko lurralde gunean, Lutxibordan.