Kazeta

Independentziari ezetza Kaledonia Berriko erreferendumean

%82,1eko parte hartzearekin, azaroaren 4an Kanaky- Kaledonia Berrian burutu den erreferendumean populuaren %57ak independentziari ezezkoa eman dio. Nehoizko parte hartzerik handienean, independentziaren aldekoek botoen %42,7a eskuratu dute.

EH Baiko ordezkariak Josep Lluis Alay, Puigdemonen kabinete burua eta Uveako FLNKS mugimenduko militanteekin elkartu ziren kanpaina garaian. ©EH Bai
EH Baiko ordezkariak Josep Lluis Alay, Puigdemonen kabinete burua eta Uveako FLNKS mugimenduko militanteekin elkartu ziren kanpaina garaian. ©EH Bai

Botoen %57arekin independentziaren kontrakoak nagusitu ziren Kanaky-Kaledonia Berrian azaroaren 4an egin zen independentziarako galdeketan. %82ko parte hartzearekin, iragarrita zegoena baino alde ttipiagoarekin irabazi zuen ezezkoak. Estatu frantsesean segitzearen aldekoek botoen %57a lortu zuten eta independentzia zaleek berriz, %42,7a. Orotara, galdeketan 174.000 herritarrek eman zuten botoa.

Emaitzak eskuetan, Estatu frantsesean jarraitzearen aldekoek haien garaipena nabarmendu eta jadaneko eskatu dute Noumeako akordioek ondoko bi urteetan bi erreferendum egiteko ematen duten aukera baztertzeko. Independentistek, haatik, haien kausa aitzinatzen ari dela azpimarratu dute. Beren buru Alosio Sakok “herria iratzarri da eta garaipenetik hurbil garela” adierazi du. Hori dela eta, kolonia frantsesean bi urteren buruan erreferendum berri bat galdegingo dutela segurtatu du.

Macron emaitzaz “harro”

Emmanuel Macron presidente frantsesa “harro” mintzatu zen erreferendumean gehiengoa independentziaren kontra agertu zelako. Gisa berean, elkarrizketa eta bermeak eskaini nahi izan zizkien independentistei. Eliseotik zabalduriko diskurtsoan, emaitzak “Frantziarekiko, bere geroarekiko eta baloreekiko konfiantza erakusten duela” adierazi zuen. Independentziaren aldekoei zuzenduz, Estatu frantsesak jendartearen sektore guzien duintasuna bermatuko duela erantsi zuen.

Astelehen honetan, azaroaren 5ean, Edouard Philippe lehen ministro frantsesa uhartediko indar politiko guziekin bilduko da. Emaitzak eta hartu beharreko neurriak aztertzeko eginen dira bilkurak.

Euskal Herrian, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak Twitter bidez Kanaky herria zoriondu eta honakoa nabarmendu zuen: “Europako Batasunean, Frantziako estatuan, herri batek bere etorkizun politikoa erabaki du, autodeterminaziorako eskubide demokratikoa praktikan jarrita”.