Iurre BIDEGAIN

Euskaldunen kirol beharrak ezagutu nahi dituen galdeketa

ArockA enpresa sortu baino lehen, euskaldunen beharrak zeintzuk diren ezagutu nahi dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Horretarako, galdeketa bat zabaldu dute eskaintza beharretara egokitzeko xedez.

Kristina Agerre bidarraitarra proiektuaren bultzatzaileetariko bat da. ©Arocka
Kristina Agerre bidarraitarra proiektuaren bultzatzaileetariko bat da. ©Arocka

Euskaldunen beharrei erantzunen dien ArockA kirol egitasmoa abiatu nahi dute Kristina Aguerre eta Boris Monseurrek. Saint-Lary-Soulan-en sortuko den enpresaren eskaintza euskaldunen beharretara egokitu nahi dute. Behar horiek zeintzuk diren ezagutzeko, galdeketa bat zabaldu dute sare sozial zein emailen bidez.

ArockA enpresak heldu den udatik aitzina hainbat kirol praktikatzeko parada eskainiko du: canyoning, eskia eta snowbooarda. Zehazki euskaldunek bakantzetan zer egin nahi duten eta zein publiko motarekin lan egin dezaketen jakin nahi dute proiektuaren bultzatzaileek.

"Ezagutu nahi dugu euskaldunek nora joan nahi duten bakantzetan, zer kirol mota egitea maite duten eta zer eskaintza gehigarri espero dituzten", azaldu du Kristina Agerrek. Gisa berean, kirol horiek egiteko zenbat ordaintzeko prest diren ere jakin nahi dute. Lortuko dituzten erantzunen arabera zerbitzuak plantan emanen dituztela aipatu du.

Gisa berean, kirola eta euskararen arteko loturaz ere galdetu dute. "Kirola egiterakoan euskararen presentzia garrantzitsua den jakin nahi dugu. Nolabait, eskainiko dugun produktuak zeri buruz bideratu behar ditugun aztertu nahi dugu", erantsi du.

Aste batez, ehun bat erantzun jaso ditu ArockA proiektuak. Jendearen erantzuna baikortzat jo du Aguerrek, hain zuzen, egitasmoa berak interesa piztu duela uste baitu. Bide batez, interesatuei galdeketan parte hartzeko deia luzatu die. Parte hartuko dutenen artean zozketa bat antolatu dute. Irabazleak sei pertsonentzat canyoning ateraldi bat jasoko du opari gisa.