Iurre BIDEGAIN

Polemika piztu du Pausun atxilotutako gazte baten heriotzak

Urriaren 10ean Pausun atxilotutako gazte bat hiru egun berantago zendu da Baionako erietxean. Senideek borra elektrikoaren erabilpenak bihotzekoa eragin diola salatu dute. Samuel Vuelta Simon prokuradoreak, ordea, baieztatu du auzi medikuak ez duela “arrasto susmagarririk” atzeman.

Poliziaren jokamoldea salatu dute Pausun atxilotutako gaztearen senideek.
Poliziaren jokamoldea salatu dute Pausun atxilotutako gaztearen senideek.

Gertakariak urriaren 10ean iragan ziren Pausun, Urruñan. Etxe bateko jabeak polizia deitu zuen "oso urduri" zegoen gazte bat bere etxera sartu eta. Gaztea logela batean gakotu eta dena suntsitzen hasi zela azaldu du Baionako prokuradorea den Samuel Vuelta Simonek. Polizia gelara sartu zenean, "eskuineko eskuan ganita bat" zuen pertsona bat atzeman zuen. Prokuradorearen erranetan, ordu batzuk aitzin Pausuko farmazia batean sartu eta "jendea mehatxatu zuen".

Interpelatua izan ondotik, bulta txar bat ukan zuen gaztea. "Oso urduri zegoenez, berarekin topo egin baino lehen poliziak sokorri zerbitzuak deitu zituen. Eskerrak, SAMU iritsi eta gutxira bulta txar bat ukan zuelako", azaldu du Vuelta Simonek. Baionako erietxera eraman eta, hiru egun berantago zendu zen.

Gaztearen aitaginarrebak poliziak borra elektronikoa erabili zuela salatu du Euskal Irratietan egindako elkarrizketa batean. Bere erranetan, "horrek zion bihotzekoa eragin". Prokuradoreak, ordea, Donibane Lohizuneko poliziak borra elektronikoak erabili izana zalantzan jarri du. "Ez naiz segur Donibane Lohizuneko poliziak taser elektronikoak erabiltzen dituenik. Ez, ezetz errango nuke. Edonola ere, ez dut uste erabili dutenik, gaztea urgentzietan etsaminatua izan zen eta ez zuen neholako kolperik ezta arrasto susmagarririk ere", aipatu du.

Auzi medikuak ez duela "kolperik" atzeman nabarmendu du. "Eta, taser batek arrastoak uzten ditu", erantsi du. Erietxera eraman zutenean, odola hartu zioten. "Nahiz eta behin-betiko emaitza ez ukan, badakit jadanik anfetamina, kokaina eta kanabisa kontsumitu zuela", aipatu du.

Gorpuaren autopsia urriaren 15ean burutu dute Bordelen. Heriotzaren zergatiak jakiteko, ikerketa bat abiatu du Baionako polizia judizialak urriaren 14an.