Kazeta

Nazioarteko Harreman Taldearen “agurra”: egindakoa eta egiteko falta dena agerian

Aieteko bake konferentziatik zazpi urte bete diren egun berean, Donostiako jauregian islatu da Nazioarteko Harreman Taldearen (HNT) ibilbidearen amaiera. Euskal Herrira egindako bisitan, ordezkari politiko eta instituzionalekin bilkurak egin dituzte, tartean Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariarekin.

Donostiako jauregian egindako bilkuraren argazkia. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Donostiako jauregian egindako bilkuraren argazkia. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nazioarteko Harreman Taldeko Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall egunotan Euskal Herrian izan dira. Talde honek bere ibilbideari urriaren 17an Aieteko jauregian eman dio amaiera, bertan bildutako euskal eragile andanaren aitzinean. PNV, EH Bildu, Elkarrekin- Podemos, Geroa Bai, EH Bai eta Ipar Euskal Herriko Berdeak alderdiekin batera, sindikatu zein eragile sozialetako ordezkariak izan dira. Hauen artean, Mixel Berhokoirigoin bakegilea.

Brian Currinek aitortu du egindako bidea ez dela batere erraza izan, baina gisa berean “2010ean Euskal Herrian normalizazio politikoaz mintzatzea erokeria zela” azpimarratu du. Ordutik ETA erakundeak bere ekinbide armatua bertan behera utzi, armagabetu eta desegin dela oroitarazi du, ideia hau gehituz: “abantzu ahantzi dugu Sortu eta EH Bildu ez zirela existitzen”, ilegalizazio egoerari erreferentzia eginez.

Elkarrizketa politikoan, biktimen inguruan eta jendartearen konfiantzan aitzinatu dela uste badu ere, Currinek aitortu du zer konpondua badela eta euskal preso politikoen egoeran jarri du arreta. Haatik, “baikorrak izateko eta honek aitzina egiten ahal duela” pentsatzeko arrazoiak badirela uste du. Horien artean aipatu ditu Estatu espainiarrean gertatu den gobernu aldaketa, Madrilgo kongresuan den indar harreman berria, hainbat biktima elkarteren posizioa eta euskal presoek irekitako bide berriak. “Itxaropena bada, baina presioa egin behar duzue, harrabotsa sortu, lobby lana egin...”, erantsi du.

Aieteko ekitaldiari Anaiz Funosas (Bake Bidea) eta Agus Hernanek (Foro Sozial Iraunkorra) eman diote itxiera, beren hitzaldian hiru erronka zehaztuz: “indarkeria mota guzietako biktima guzien aitortza; preso, ihesi eta deportaturik diren pertsonentzat aterabide integrala; eta kontakizun guziak errespetatuko dituen memoria barneratzailea”.

Bake Bidea eta Foro Sozial Iraunkorrak nazioarteko komunitatearen inplikazioa azpimarratu dute, haien laguntzarik gabe egindakoa are zailagoa litzatekeela oroitaraziz. Bitartean, etorkizunean blokeo berririk izatekotan, Brian Currinek hitz eman du laguntzeko prest izanen direla.

Etchegaray: “Ainitz geratzen da egiteko”

HNT-k Euskal Herrira egindako bisita baliatu du ordezkari politiko eta instituzionalekin banan banakako bilkurak egiteko. Iñigo Urkullu EAE-ko lehendakaria, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta PSE-ko Idoia Mendia zein Sortuko Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiekin elkartu dira Currin, Spektorowski eta Kendall.

Baionako Herriko Etxean iragan bilkuran, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak HNT-ren lana goraipatu du lehenik: “mugaren bi aldeetan egoera erabat blokeaturik zegoen. Haien lanik gabe, ez zen deus egiterik. Lan hori erabakigarria suertatu da”.

Etchegarayk Estatu espainiar zein frantsesak armagabetze prozesuan izandako jarrera kritikatu ondotik, “bake prozesuan sartu badira, gibeleko atetik izan dela”, gaineratu du. Oraindik geratzen diren urratsetan Estatuen parte hartzea espero du eta horri begira nazioarteko bideratzaileei zuzendu zaie: “zuen misioa amaitu bada ere, zuen erreferentziaren beharra dugu preso eta biktimen arloetan ainitz baita egiteko”.  

Azkenik, Brian Currinek Euskal Elkargoko lehendakariari eskerrak eman eta 2011tik landa FN ez beste alderdi politiko guziek erakutsitako engaiamendua txalotu du.