Kazeta

Energia eta ura aurrezteko erronka Hazparneko lurraldean

Euskal Elkargoak, “energia positiborako familia desafioa” izeneko egitasmoa garatuko du Hazparneko lurraldean. Heldu den azarotik 2019ko apirila bitarte, energia eta uraren kontsumoa ttipitzeko urratsak ematea da erronkaren xedea.

Egitasmoari buruzko bilkura urriaren 15ean eginen da.
Egitasmoari buruzko bilkura urriaren 15ean eginen da.

“Energia positiborako familia desafioa” du izena Euskal Elkargoak Hazparneko lurraldean sustatuko duen egitasmoak. Azaroan hasi eta 2019ko apirilean bururatuko den ekimen honen bitartez, herritarren artean energia eta uraren aurrezpenean kontzientzia sortu nahi du Ipar Euskal Herriko instituzioak, bai eta egintzara pasatzeko aitzin urrats bat egitea ere.

Parte hartzaileek neguko hilabeteetan energia eta uraren kontsumoa %8an ttipitzeko engaiamendua hartuko dute. Erronka honek egintza sinpleak proposatzen ditu: gelatik ateratzean argia itzaltzea, sakelako telefonoen kargagailuak entxufaturik ez uztea edo sukaldean kazolari tapa ezartzea, beste hainbaten artean.

Euskal Herriko esperientziak

Egitasmo hau Estatu frantses mailako plan baten baitan kokatzen da eta gaur arte, 41.000 familiek parte hartu dutela jakinarazi du Euskal Elkargoak prentsari igorritako oharrean. Ipar Euskal Herrian lehen esperientzia 2015-2016 urteetan gauzatu zen Xiberoan, 25 familia eta 23 eskolen parte hartzearekin. 2016-2017 artean berriz, Garazi-Baigorriko eskualdean 19 familiek heldu zioten desafioari.

Xiberoaren kasuan, 67.332 kWh aurreztu ziren (lau etxeren urteko kontsumoa) eta 11,63 tona CO2 isurtzea ekidin zen. Garazi-Baigorriko eskualdeari dagokionez, 83.074 kWh eta 5,33 tona. Orain Hazparneko lurraldeak hartuko du lekukoa.

Nork eta nola parte hartu

Hazparneko lurraldean bizi den herritar orok parte har dezake desafio honetan. Zehazki, Aiherra, Lekuine, Beskoitze, Hazparne, Heleta, Isturitze, Bastida, Makea, Lekorne, Donoztiri eta Donamartirin bizi direnek. Etxejabe eta alokairuan direnak izaten ahal dira, baita bakarrik edo bikotean bizi eta haurrak dituztenak ere.

Metodo bat proposatzen du egitasmoak. Parte hartzaileak 5 eta 10 etxeen arteko taldeetan bilduko dira eta aholkuak partekatuko dituzte, elkar lagundu eta motibatzearekin batera. Talde bakoitzak arduradun bat hautatuko du eta energia aurrezpenean ezagutza eskainiko zaio.

Gisa berean, familiak laguntzeko aholkuak eta tresnak urririk eskainiko dituzte. Desafioan zehar besta eta elkarbizitzarako hiru ekimen ere antolatuko dira, lorturiko emaitzak eta urrats berriak elkarrekin aztertzeko.

Egitasmoari buruzko informazioa emateko urriaren 15ean bilkura bat eginen da, arratseko 19.00etan Heletako Herriko Etxean. Izen ematea ingurumen ekimenetarako zentroaren (CPIE) 0559374720 telefonora deituz edo laurence.goyeneche@cpiepaysbasque.fr e-mailera idatziz egiten ahal da, 2018ko urria bukatu aitzin.