Kazeta

“7 Senideko” antzezlanaren itzuli berria Euskal Herrian barna

2018ko martxoan estreinatu zen Axut! kolektiboaren 7 Senideko antzezlana. Itzuli berrian, urriaren12an Muskildin hasi eta Euskal Herriko beste hamalau herritan ikusi ahalko da Ander Lipus zuzendari eta Ximun eta Manex Fuchs anaiak aktore dituen antzerki obra.

Ximun Fuchs eta Manex Fuchs aktoreak. © Isabelle MIQUELESTORENA
Ximun Fuchs eta Manex Fuchs aktoreak. © Isabelle MIQUELESTORENA

Axut! Kolektiboak Artedrama eta Le Petit Théâtre de Pain konpainiekin elkarlanean egindako 7 Senideko antzezlana 2018ko martxoan estreinatu zen Lartzabalen. Udaberriko emanaldien ondotik, aurtengo larrazkenean itzuli berriari ekingo diote. Orotara Euskal Herriko hamabost herri eta hiritatik pasako da. Ipar Euskal Herrian hirutatik.

Lehen emanaldia Xiberoan iraganen da, heldu den urriaren 12an Muskildiko herriko gelan, arratseko 20.30ean. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herri zeharkatu ondotik, azaroaren 23an Larresoroko gelak hartuko du lekukoa. Kanbon berriz abenduaren 21ean izanen da ikusgai, AIEC aretoan. Guziak ordu berean.

Antzezlanak Ximun eta Manex Fuchs aktoreen zazpi lagunek idatzitako testigantzen kontakizunak ditu oinarri. Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñaut Castagnetenak, hain zuzen. Igor Elortza izan zen mami guziari gainazal bakar bat eman ziona.

Anaien, anai-arreben edo ahizpen arteko harremanak eta absentzia dira antzezlanaren ildo nagusiak. Presondegia, tortura, maitasuna, istripuak, eritasuna edo heriotzaren gisako gai gogorrak. Baina itxaropena eta poza ere presente dituztenak.

Ander Lipusek zuzendutako lanean, Ximun eta Manex Fuchs anaiak dira taula gainean aritzen diren aktoreak.