Kazeta

Kanakyren erreferendumaren atarian, parte ez hartzeko deia

USTKE (Langile kanaken eta zapalduen sindikatua) Estaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformako kide da, LAB bezala. Kanpo harremanez arduratzen den Rock Haocas LAB sindikatuko ordezkariekin bildu zen joan den irailaren 17an. Sindikalista kanaka elkarrizketatu du Mediabask kazetak.

Rock Haocasek begi txarrez ikusten du hauteskunde zerrendak behin eta berriz kanpotik etorritako herritar berriei ireki izana azken hamarkadetan. © Isabelle MIQUELETORENA
Rock Haocasek begi txarrez ikusten du hauteskunde zerrendak behin eta berriz kanpotik etorritako herritar berriei ireki izana azken hamarkadetan. © Isabelle MIQUELETORENA

Kanaky uhartediaren autodeterminazio erreferenduma heldu den azaroaren 4rako iragarria da. Alderdi Laboristak eta USTKE sindikatuak parte ez hartzeko deia egin dute. Hain zuzen ere, Mediabaskek sindikatu horretan kanpo harremanen arduradun den Rock Haocasekin mintzatzeko parada izan du eta erabaki honen arrazoiez aritu da.

Haocasen erranetan, hauteskunde zerrenden osatzea da independentziaren aldekoen eta kontrakoen arteko desadostasun nagusia. Eta baita, ondorioz, bi erakunde independentista horiek erreferendumean parte ez hartzeko arrazoia ere.

Datuak egiaztatzeko hiru zerrenda nagusi behatzen dituztela dio: hauteskunde frantsesetako zerrenda orokorra, tokiko instituzioetarako bozkatzen duten herritarren probintziakoa eta azaroaren 4ko erreferendumera begirakoa. Azken hau herriko etxe bakoitzeko batzorde batean egiaztatzen bada ere, independentistak gutxiengoa izaten dira eta haien oharrak ez dira nehoiz onartuak izaten.

Parisen ere akordioen bilana egiteko urtero izenpetzaileen batzordea bildu ohi da. Eta gauza bera gertatzen da han, hau da, batzorde horretan, estatuak, independentistek eta ez direnek ordezkari bana dutenez, zerrenden gainean independentistek egiten dituzten ohar guziak errefusatuak izaten dira.

Datu bat eman du bere arrangura azaltzeko: iazko erreferendumeko zerrendan 20.000 kanak ez dira agertzen. Horregatik da zentrala zerrenden auzia. “Zerrendetan kanakak gutiengoa dira, beraz, hori ez da autodeterminazio erreferendum bat. Ezetzak irabaziko du eta parte hartuko bagenu, Nazio Batuen Erakundearen aitzinean emaitza ontzat emango genuke”, argitu du Rock Haocasek.

Deskolonizazioaren porrota

Ez parte hartzeko beste arrazoi bat erantsi du. Matignongo Akordioetatik 30 urte iragan ondotik, kanaken eta gainerako herritarren arteko bizi mailaren aldeak handia izaten jarraitzen du, hala nola, bizitegietan, arrakasta akademikoan edota lanerako aukeretan. “Noumeako Akordioaren eta deskolonizazioaren bilana porrota da”, azaldu du Haocasek, erantsiz, Matignongo Akordioetan bilatu zen “berrorekarik” ez dela izan.

Independentisten jarrerak haien esparrua ahultzen ez ote duen galdeturik, sindikalista kanakak oroitarazi du lehendik ere badituztela arazoak eta ahuleziak. Baina argi du parte hartu ezkero, porrota ontzat eman eta horrek gehiago ahulduko lituzkeela.

Horregatik, begirada hurrengo erreferendum batera begira jarria dute, kontuan hartuz bi urte dituztela kanak guziak zerrendetan sartu eta iruzurrak ekiditen ahalegintzeko. Ildo horretan, kanakak instituzioetan presenteago izateko 2020an iraganen diren hauteskunde probintzialak aukera ezin hobetzat hartu ditu.