Kazeta

Bihartean, Nafarroarekin zubiak sendotzen

Azkenaldian Nafarroa, Gipuzkoa eta Baiona-Euskal Herriko merkataritza eta industria ganberak batzen dituen Bihartean elkartearen jarduera emendatu da. Horretan bereziki eragina izan du 2017ko ekainean Nafarroa elkartean sartu izanak.

Turismoa lantzen duten enpresek zirkuitu berriak bilatzen dituzte Ipar Euskal Herrian. © Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS
Turismoa lantzen duten enpresek zirkuitu berriak bilatzen dituzte Ipar Euskal Herrian. © Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS

Bihartean elkartea orain zortzi urte osatu zuten Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Bazkundeak eta Baiona-Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberak. Lurralde horietan kokaturiko enpresen mugaz gaindiko ahalmena garatzea zuten xede, “mugaz gaindiko ekosistema bat sortzeko”. 2017an Nafarroako Ganbera gehitu zen elkartera eta sartze honek aukerak nabarmen emendatu ditu.

Kontuan hartzekoa da 2015eko hauteskundeetan Nafarroan gobernu aldaketa historikoa gertatu zela eta mugaz gaindiko proiektu eta harremanak berrezartzen joan direla. Horien artean ere aipatzen ahal da Akitania- Euskadi- Nafarroa Euroeskualdea, zeinean Nafarroa 2016an sartu baitzen. Beraz, testuinguru horren guziaren ondorio ere bada bertako ganbera Bihartean elkartean integratu izana. 

Bihartean interes ekonomikoa duen Europako elkartea da. Marko europarrean entitate juridiko zehatz hori herrialde ezberdinetako enpresen arteko harremanak eta negozioak errazteko diseinatu zen. Bada, Bihartean elkarteak xede hori mugaz gaindi Euskal Herriko enpresen artean sustatzen du eta aurten jada 62 lagundu ditu, horietako %15a Nafarroakoak direlarik.

“Nafarroako enpresek proiektu ainitz dituzte eta hauen arrakastarako Bihartean elkartearengan konfiantza dute”, adierazi du André Garreta Baiona-Euskal Herriko Ganberako presidenteak. Interes hori aurten antolatu diren ekitaldietan ikusi da, partikularki turismoa eta sektore numerikoari loturikoetan.

“Muga administratiboak ezin dira garapen ekonomikorako eragozpen izan, zinez balio duena lurraldearen errealitatea eta bizi eremua baita, Biharteanen bilakaerak erakusten duen gisan”, erantsi du Garretak.

Milatik goiti enpresa lagundu ditu

Mugaz gaindiko izaera duen merkataritza eta industria ganbera bakarra da Europar Batasunean eta jadaneko milatik goiti enpresa lagundu ditu bere ibilbidearen zortzi urteetan.

Jon Arizmendi Baiona-Euskal Herriko Ganberako garapen ekonomikorako zuzendariak euro-erregio eskalaren garrantzia azpimarratu du. “Portugal edo Hungaria baino pisu demografiko handiagoa duen lurraldeaz ari gara. Biztanleriaren emendatzea Europaren bataz bestekotik bi puntu goiti kokatzen da eta biztanleko urteko barne produktu gordina 28,491 eurotan, Europar Batasunaren pare”, zehaztu du Arizmendik.

Jarduera nagusien artean, negozioen %29a industriari lotua da, Biharteanen enpresa zerbitzuek %21a hartzen dute eta laborantza elikaduraren sektoreak berriz, %11. Azken honi dagokionez, Orhi proiektua hiru eremu administratiboetan sortu zen, Bruselaren babesarekin. Osasunaren arloan berriz, silikona likidoz egindako prototipoak garatzeko eta osasun zerbitzu pertsonalizatuak diseinatzeko Health LSR ekimena sortu zen.

Bestalde, Competitiv'eko gogoetarako eta partekatzeko guneak lurralde ezberdinetako 200 enpresa, gune teknologiko eta kluster biltzen ditu.

Baiona-Euskal Herriko Ganberak eta Bihartean elkarteak irailaren 18an, asteartearekin, Europaren auzia enpresa ikuspegi eta gaitasunetik gogoetatzeko jardunaldi bat antolatu dute.