Kazeta

Fijait fitxategiaren kontrako jarrera auzitegian

Peio Irigoien Fijait fitxategiaren neurriak ukatzeagatik epaitu zuten asteartean. Prokuradoreak, gutienez, 800 euroko isuna eskatu du eta defentsak, ordea, ofizioz formatzailea dena errugabetzea aldarrikatu du. Urriaren 16an bere erabakiaren berri emanen du epaileak.

150 bat pertsona elkartu ziren Baionako auzitegiaren aitzinean Fijait fitxategiak bertan behera uztea eskatzeko. © Isabelle MIQUELESTORENA
150 bat pertsona elkartu ziren Baionako auzitegiaren aitzinean Fijait fitxategiak bertan behera uztea eskatzeko. © Isabelle MIQUELESTORENA

2016az geroztik Fijait fitxategian agertzen da Peio Irigoienen izena. Frantziar Estatuko fitxategi judizial horrek neurri batzuk betetzea agintzen die "terrorismo" delituengatik kondenatu dituztenei. Hasieratik neurri horiek betetzea ukatu zuen formatzaile den horrek. Hori dela eta, epailearen aitzinetik pasa zen irailaren 11n. Auzia hasi baino lehen, 150 bat pertsona Baionako auzitegiaren aitzinean elkartu ziren sostengua adierazteaz gain, fitxategiaren "zentzugabekeria" salatzeko.

Fitxategiko neurriak frantziar konstituzioaren kontrakoak direla argudiatu zuten abokatuek. Epaimahaiak argumentuak ukatu eta, afera Parisko Kasazio Auzitegira ez bidaltzea erabaki zuen. Peio Irigoienen defentsaz arduratu ziren abokatuek Fijait fitxategiak bizitza pertsonala izateko eskubidearen kontra doala zioten.

Halaber, Euskal Herriko gaur egungo testuingurua oroitaraziz, euskal preso ohiei neurriak aplikatzeak zentzurik ez duela nabarmendu zuten abokatuek. Ildo horretatik, Irigoien errugabetzea galdegin zuten.

Oroitarazi behar da, Irigoien etxebizitzen espekulazioaren kontrako erasoak burutzeagatik kondenatu zutela 2011n. Samuel Vuelta Simon prokuradorearen erranetan, "EH ez da salgai" lelopean burututako ekintzek segitzen dute eta horrek neurrien aplikazioa justifikatzen du. Gutienez, 800 euroko isuna galdegin du beskoiztarrarentzat. Deliberoa urriaren 16an jakinaraziko du justiziak.