“Atarrabi eta Mikelats” filmerako 4 antzezle xerkatzen dituzte

Euskal Kultur Erakundeak (EKE) casting bat antolatu du Eugène Green-en “Atarrabi eta Mikelats” fikziozko film luzerako. 2019ko apirila eta maiatzean zehar grabatuko da filma eta antzezleak hautatzeko castinga irailean izanen da.

Kazeta|10/09/2018 07:40|0 comentarios
Capture_d_e_cran_2018-09-06_a_13
Filma 2019ko apirila eta maiatzean zehar grabatuko da.

Mariren Atarrabi eta Mikelats semeen mitoari buruzko film luzea grabatuko da 2019an. Filmerako lau paper nagusiak hautatzeko castinga antolatu du Euskal Kultur Erakundeak (EKE). Atarrabi eta Mikelatsen paperetarako 18-25 urte arteko bi mutil xerkatzen dituzte. Udana izeneko protagonistarentzat berriz, adin tarte bereko neska bat eta, azkenik, apezaren papera betetzeko 45-60 urte arteko gizonezkoa.

Hauek dira hautagaiak aurkezteko EKE-k jakinarazi dituen hiru hitzorduak:

- Irailaren 17an, Uztaritzeko EKE-n, 11:00-14:00 eta 16:00-19:00ak artean.
- Irailaren 18an, Donibane Lohizuneko Select zineman, 14:00-17:00 eta 18:00-20:00ak artean.
- Irailaren 19an, Mauleko Xerbitxugunean, 11:00-14:00 eta 17:00-21:00ak artean.

Filma euskara batuan iraganen denez, hautagaiak euskaldunak izatea baitezpadako baldintza da. Halaber, antzerki edo zinema munduan esperientzia izatea irizpide garrantzitsua da ere.